Itxi

EITB TALDEA

EITBren Albiste Zerbitzuak

"Gaur Egun" eta "Teleberri" bereziak AEBtik, Donald Trump Etxe Zurira itzuli osteko lehen urteurrenean

EITB

ETBk "Potentzien lehia handia" dokumentala emitituko du, fokua Groenlandian jarrita. Ostegunean izango da ETB1en, eta, igandean, ETB2n. Radio Euskadik arreta bereziz begiratuko dio urteurrenari, eta Euskadi Irratiak saio bereziak egingo ditu ostegunean, Estrasburgotik. Gaurkotasun guztia, ORAINen.

  • "Potentziemn lehia handia" berezia, EITBn

    "Potentziemn lehia handia" berezia, EITBn

Astearte honetan, urtarrilak 20, beteko da urtebete Donald Trump AEBko presidentetzara itzuli zela. Horrek irauli egin du mundu mailako egoera geopolitikoa eta, hala, EITBko Albiste Zerbitzuek jarraipen zabala egingo dute Trump Etxe Zurira itzuli zeneko lehen urteurrenaren harira.

Euskal Telebistako albistegiak Washingtonen izango dira, Nerea Reparaz eta Dani Alvarez "Gaur Egun" eta "Teleberri"ko aurkezleen eskutik. Yerai Diaz Ikaran korrespontsalarekin eta Mikel Reparaz EITBren Nazioarteko arduradunarekin batera, astelehenetik aurrera zuzeneko konexioak egingo dituzte, eta, asteartean, bertan daudela hasiko dituzte gaueko albistegiak. Eguna nola bizi duten bertatik bertara ezagutzeaz gain, Donald Trumpen agintaldiaren lehen urteak mundu mailan izandako eraginari buruzko eduki bereziak emango dituzte.

Izan ere, Trump Etxe Zurira itzultzeak munduko lehia geopolitikoa irauli egin du. Mugimendu handiak izan dira Ekialde Hurbileko eta Ukrainako gatazken inguruan, eta berriki Venezuelan eta Groenlandian ere. Estatu Batuetako presidenteak Artikoko uhartearen kontrola bereganatzeko egindako mehatxuei arretaz begiratuta, Euskal Telebistak Potentzien lehia handia dokumentala emitituko du aste honetan. Mikel Reparaz EITBren nazioarteko arduradunaren eskutik, lanak aztertuko du baliabide eta influentzia-eremuak kontrolatzeko munduko bi potentzia nagusien arteko lehia (AEB eta Txina buru duen blokearen arteko lehia, alegia). Panamako Kanala, Ormuzko itsasartea, Txinako itsasoa eta Pazifikoko irlak izan dira Reparazek bisitatutako tokietako batzuk; eta baita Groenlandia bera ere, denek bilatzen duten altxorraren kutxa. Uharte estrategiko hori eta bertako mineralak arretaz aztertuta, Euskal Telebistak dokumentala emitituko du aste honetan: ostegunean, 22:15ean, ETB1en; eta igandean, 22:15ean, ETB2n.

Radio Euskadin ere Trumpen agintaldiaren urteurrenari tarte zabala emango diote. Horretarako, aditu talde handi baten laguntza izango dute, horien artean Luis Foncillas eta David Puente kazetariak, Roger Senserich politologoa eta Aurken Sierra komunikazioan aditua. 12 hilabeteotako analisi politiko eta sozial zehatza egingo dute.

Euskadi Irratiak, bere aldetik, gertutik aztertuko du Europak munduko potentzien lehiaren abagune berrian duen eginkizuna, baita etorkizunari begira dituen erronkak ere. Horretarako, ostegun honetan (hilak 22) Estrasburgoko Parlamentuan izango dira Iñaki Guridi eta Maite Artola, eta handik egingo dituzte, zuzenean, "Faktoria" eta "Goizak Gaur" albistegi bereziak.