EITB TALDEA
Trumpen agintaldia: urteurrena
"Potentzien lehia handia" dokumental berezia, Mikel Reparazen eskutik, ostegun honetan ETB1en
EITB
Mikel Reparaz EITBren Nazioarteko arduradunak munduko egoera geopolitikoaren gakoak emango dizkigu, arreta bereziki Groenlandian jarrita.
Astearte honetan, urtarrilak 20, bete da urtebete Donald Trump AEBko presidentetzara itzuli zela. Horrek irauli egin du munduko egoera geopolitikoa eta, hala, EITBren Albiste Zerbitzuak egoeraren jarraipen zabala ari zaio egiten: Washingtonen izan dira "Teleberri" eta "Gaur Egun", eta Estrasburgotik arituko da hilaren 22an Euskadi Irratia.
Trump Etxe Zurira itzultzeak munduko lehia geopolitikoa irauli egin du. Mugimendu handiak izan dira Ekialde Hurbileko eta Ukrainako gatazken inguruan, eta berriki Venezuelan eta Groenlandian ere. Estatu Batuetako presidenteak Artikoko uhartearen kontrola bereganatzeko egindako mehatxuei arretaz begiratuta, Euskal Telebistak Potentzien lehia handia dokumentala emitituko du aste honetan.
Mikel Reparaz EITBren nazioarteko arduradunaren eskutik, lanak aztertuko du baliabide eta influentzia-eremuak kontrolatzeko munduko bi potentzia nagusien arteko lehia (AEB eta Txina buru duten blokeen arteko lehia, alegia). Panamako Kanala, Ormuzko itsasartea, Txinako itsasoa eta Pazifikoko irlak izan dira Reparazek bisitatutako tokietako batzuk; eta baita Groenlandia bera ere, denek bilatzen duten altxorraren kutxa. Uharte estrategiko hori eta bertako mineralak arretaz aztertuta, Potentzien lehia handia berezia: ostegunean, 22:15ean, ETB1en; eta igandean, 22:15ean, ETB2n.

