Itxi

EITB TALDEA

Kirolakeitb.eus

Kirolakeitb.eus gure kirolaren eta kirolarien plaza digital berria aurkeztu da

EITB

www.kirolakeitb.eus atariak aukera zabalagoa, intuitiboagoa eta ikus-entzunezkoagoa eskaintzen du, esperientzia bisual biribila izateko. Zuzeneko emanaldiek protagonismo handiagoa dute eta 'Zuretzat' atalean erabiltzaileek beren eduki gustukoenak bildu ditzakete.

  • Aurkezpenaren argazkia

    Aurkezpenaren argazkia

Ikus-entzunezko edukiak kontsumo modu berrietara egokitzeko bidean beste urrats bat eman du EITBk: www.kirolakeitb.eus ataria sortu du, gure kirolaren eta kirolarien plaza digital berria.

Ostegun honetan (urtarrilak 22) EITBren Bilboko egoitzan egin da aurkezpena eta ekitaldira 150 gonbidatu inguru batu dira, tartean 50 kirolari. Pilota mundutik, Abel Barriola, Mikel Idoate, Joseba Ezkurdia, Jon Ander Albisu, Aitor Elordi, Iker Larrazabal, Enara Gaminde, Endika Barrenetxea eta Aritz Zubiri, baita Winter Series txapelketa jokatzen ari direnetako batzuk ere: Eneritz Lizardi, Maialen Aldazabal, Elaia Gogenola, Helena Barrenetxea, Aritz Erkiaga, Eñaut Urreisti eta Unai Lekerikabeaskoa. Orio eta Arraun Lagunak klubetako arraunlariekin batera, herri kiroletako hainbat ordezkari: Joseba eta Udane Ostolaza, Lierni Osa, Aimar Galarraga, Oiar Aguas, Joxe Iruretagoiena, Xabier Aranburu eta Jon Unanue. Txirrindularitza arlotik, Aitor Galdos, Txomin Juaristi, Ander Ganzabal eta Imanol Arriortua, eta saskibaloi mundutik Estefan Lazarevic, Amar Silla, Iker Aguirre eta Naia Zubiaga. Bertan izan dira, halaber, Carmen Arroyo Bera Berako jokalaria; Jose Angel Iribar futbolari ohia; Miren Lazkano piraguista eta Iñigo Llopis igerilaria; Maria Vicente eta Odei Jainaga atletak; Eneko Iza mendi korrikalaria; Ander Mitegi eskiatzailea, eta Oier Ibarretxe boxeolaria, besteak beste.

IKUSI ARGAZKI GALERIA.

Ekitaldiko argazkia

Ekitaldiko argazkia

Atari berrian, aukera zabalagoa, intuitiboagoa eta ikus-entzunezkoagoa topatuko dugu: zuzeneko emanaldi gehiago eta kalitate hobean, esperientzia bisual biribila bizitzeko, zauden tokian zaudela eta edozein momentutan. Balio erantsia izango du, gainera: eduki gustukoenen bilduma osatu ahal izango dugu Zuretzat atalean.

Futbola, pilota, saskibaloia, herri-kirolak, eskubaloia, arrauna… Diziplina nagusiek ez ezik, hedapen gutxiagokoek euren leihoa izango dute EITBren atari berrian, eta modu berezian zainduko dira emakumezkoen kirolak. Aktualitatea jarraitzeaz gain, streaming eskaintza askotarikoa topatuko dugu, emanaldiak oso-osorik ikusi eta kirolen esentziarekin eta emozio biziz gozatzeko. Emaitzak eta sailkapenak etengabe eguneratuko dira, eta sare sozialekin konektatuta egongo da. Atarian erregistratuta, hainbat abantailaz gozatzeko aukera ere izango du erabiltzaileak.

Aurkezpeneko argazkia

Aurkezpeneko argazkia

2025eko urtarrilean ekin zion EITBk kirolaren unibertso zabala hedatzeko modu berriak lantzeari, ETBko "Kirolak" saioan berrikuntzak eginez. Sare sozialetan presentzia ere handitu zuen, eta ondorengo hilabeteetan aldaketak emanaldietara eta programetara zabaldu ditu. Atari digital berriaren ondotik, webapp-a eta WhatsApp zerbitzua jarriko ditu martxan; hots, erabiltzaileen interakzioa sustatzeko tresnak. Berebat, streaming esperientzia hobetuko du, zuzeneko hainbat emanaldi aldi berean ikusi ahal izateko eta une nabarmenenak timelinearen bidez erakusteko.

Aro berri honetan, nortasun propioa duen marka da EITB Kirolak: koloretsua, modernoa, dinamikoa eta erakargarria. Narratiba berriekin eta protagonistak erdigunera ekarrita, kirolak sentitzeko, bizitzeko eta kontatzeko aukera ematen digu.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kirolak
  • EITB