Itxi

EITB TALDEA

Kirolakeitb.eus

Kirolakeitb.eus gure kirolaren eta kirolarien plaza digital berria aurkeztu da

EITB

www.kirolakeitb.eus atariak aukera zabalagoa, intuitiboagoa eta ikus-entzunezkoagoa eskaintzen du, esperientzia bisual biribila izateko. Zuzeneko emanaldiek protagonismo handiagoa dute eta Zuretzat atalean erabiltzaile bakoitzak bere eduki gustukoenak bildu ditzake.

  • kirolakeitb.eus

    kirolakeitb.eus

Ikus-entzunezko edukiak kontsumo modu berrietara egokitzeko bidean beste urrats bat eman du EITBk: www.kirolakeitb.eus ataria sortu du, gure kirolaren eta kirolarien plaza digital berria. Bertan, aukera zabalagoa, intuitiboagoa eta ikus-entzunezkoagoa topatuko dugu: zuzeneko emanaldi gehiago eta kalitate hobeagoan, esperientzia bisual biribila bizitzeko, edozein tokitik eta edozein momentutan. Balio erantsia izango du, gainera: gure eduki gustukoenen bilduma osatu ahal izango dugu Zuretzat atalean.

Futbola, pilota, saskibaloia, herri-kirolak, eskubaloia, arrauna… Diziplina nagusiek ez ezik, hedapen gutxiagokoek euren leihoa izango dute EITBren atari berrian, eta modu berezian zainduko dira emakumezkoen kirolak. Aktualitatea jarraitzeaz gain, streaming eskaintza anitza topatuko dugu, emanaldiak bere osotasunean ikusi eta kirol bakoitzaren esentziarekin eta emozio guztiarekin gozatzeko. Emaitzak eta sailkapenak une oro eguneratuko dira eta sare sozialekin konektatuta egongo da. Atarian erregistratuta, hainbat abantailez gozatzeko aukera ere izango du erabiltzaileak.

Urtarrilean ekin zion EITBk kirolaren unibertso zabala hedatzeko modu berriak lantzeari,  ETBko "Kirolak" saioan berrikuntzak eginez. Sare sozialetan presentzia ere handitu zuen, eta ondorengo hilabeteetan aldaketak emanaldietara eta programetara zabaldu ditu. Atari digital berriaren ondotik, webappa eta whatsapp zerbitzua jarriko ditu martxan; hots, erabiltzaileen interakzioa sustatzeko tresnak. Berebat, streaming esperientzia hobetuko du, zuzeneko hainbat emanaldi aldi berean ikusi ahal izateko eta une nabarmenenak timeline bidez erakusteko.

Aro berri honetan, nortasun propioa duen marka da EITB Kirolak: koloretsua, modernoa, dinamikoa eta erakargarria. Narratiba berriekin eta protagonistak erdigunera ekarrita, kirolak sentitzeko, bizitzeko eta kontatzeko aukera eskaintzen digu.

Ostegun honetan (urtarrilak 22) EITBren Bilboko egoitzan egin den ekitaldira 150 gonbidatu inguru batu dira, tartean 50 kirolari. Pilota mundutik, Abel Barriola, Mikel Idoate, Joseba Ezkurdia, Jon Ander Albisu, Aitor Elordi, Iker Larrazabal, Enara Gaminde, Endika Barrenetxea eta Aritz Zubiri, baita Winter Series txapelketa jokatzen ari direnetako batzuk: Eneritz Lizardi, Maialen Aldazabal, Elaia Gogenola, Helena Barrenetxea, Aritz Erkiaga, Eñaut Urreisti eta Unai Lekerikabeaskoa. Orio eta Arraun Lagunak klubetako arraunlariekin batera, herri kiroletako hainbat ordezkari: Joseba eta Udane Ostolaza, Lierni Osa, Aimar Galarraga, Oiar Aguas, Joxe Iruretagoiena, Xabier Aranburu eta Jon Unanue. Txirrindularitza arlotik, Aitor Galdos, Txomin Juaristi, Ander Ganzabal eta Imanol Arriortua, eta saskibaloitik Estefan Lazarevic, Amar Silla, Iker Aguirre eta Naia Zubiaga. Bertan izango dira, halaber, Carmen Arroyo Bera Berako jokalaria; Jose Angel Iribar futbolari ohia; Miren Lazkano piraguista eta Iñigo Llopis igerilaria; Maria Vicente eta Odei Jainaga atletak; Eneko Iza mendi korrikalaria; Ander Mitegi eskiatzailea, eta Oier Ibarretxe boxeolaria.

Ekitaldia zuzenean eskaini da, 18:30etik aurrera, kirol atarian bertan eta ETB ON plataforman.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kirolak
  • EITB