Itxi

EITB TALDEA

Soinu-fikzioa

Adimen artifiziala ardatz duen "TEST" soinu-fikzioa estreinatu du GUAUk

EHUko Informatika Fakultatean, etorkizuneko adimen artifizialeko adituak prestatzen diren testuinguruan, egin du aurkezpena EITBk, bertako irakasle eta ikasleen aurrean. Lehen atalaren entzunaldiarekin batera, solasaldia egin dute.

  • 'Test'soinu-fikzioaren aurkezpeneko unea

    'Test'soinu-fikzioaren aurkezpeneko unea

GUAU EITBren audio plataformak "TEST" thriller psikologiko murgiltzailea estreinatu du astelehen honetan (otsailak 2). Entzulea, gizakia eta adimen artifizialaren  arteko kontrol- eta manipulazio-joko batean barneratzen duen ekoizpeneko protagonistak Lorea Intxausti, Joseba Apaolaza eta Ramon Agirre aktoreak dira. ULU Mediak EITBrentzat ekoitzitako euskarazko soinu-fikzio berriaren sei atalak entzungai daude jada GUAUn.

"TEST" soinu-fikzioa astelehenean bertan aurkeztu da, EHUko Informatika Fakultateko Ada Lovelace aretoan, etorkizuneko adimen artifizialeko adituak prestatzen diren testuinguru akademikoan. Fakultateko ikasle eta irakasle ugari hurbildu dira. Ekitaldiak publikoaren parte-hartze aktiboa eta hausnarketa sustatu ditu, adimen artifizialak gizartean eta sorkuntzan planteatzen dituen erronken inguruan.

Joseba Apaolaza eta Lorea Intxausti

Joseba Apaolaza eta Lorea Intxausti

Aurkezpena Itziar Alduntzin Euskadi Irratiko kazetariak gidatu du eta bertan parte hartu dute Maite Goñi EITB Mediako Irrati eta Audio zuzendariak, Oier Aranzabal soinu-fikzioaren zuzendariak eta Xabier eta Martin Etxeberria gidoilariek. Bertan izan dira ere Anartz Zuazua aktore zuzendaria eta Iban Urizar Amorante jatorrizko soinu-bandaren sortzailea, Borja Calvo fakultateko dekanordearekin batera.

Lehen atala zuzenean entzuteko aukera izan dute bertaratutakoek, argiak itzalita eta giro murgiltzailean. Ondoren, solasaldia izan da soinu-fikzioko hiru aktore protagonistekin. Interpretazioaren berezitasunak, giza ahotsaren eta adimen artifizialaren arteko ñabardurak, eta soinuarekin soilik istorio bat eraikitzearen erronkak izan dituzte hizpide. Publikoak ere galderak egiteko eta iritzia emateko aukera izan du.

T

"TEST"en abiapuntua adimen artifizialak gidatutako autobus istripu larri bat da: aditu batek azken belaunaldiko adimen artifizial bat aztertu behar du, bere buruaren kontzientzia hartu duen ala ez zehazteko. Proba gisa hasten dena, ordea, manipulazio eta kontrol-joko konplexu bihurtzen da, eta entzulea etengabe zalantzan jartzen du, zer den erreala eta zer den adimen artifizialaren diseinuaren parte.

Soinu-fikzioak  hiru pertsonaia nagusi ditu, eta aktore-zuzendaritza Anartz Zuazuaren esku egon da. Grabaketa eta nahasketa lanak Lasarteko ULU Estudioetan egin dira, eta soinu-banda originala Iban Urizar (Amorante) musikariak sortu du bereziki podcasterako. Arte zuzendaritza Alain Urrutiak egin du.

Ekitaldiaren amaieran, GUAU audio plataforma aurkeztu zaie bertaratutakoei, eta soinu-fikzioarekin batera plataforman eskuragarri dauden bestelako edukiak ezagutzeko gonbita egin zaie: podcastak, bideopodcastak eta EITBko irrati-edukiak, zuzenean zein nahieran.