Carne y arena
Martxoaren 11tik aurrera
Alejandro G. Iñárritu zinemagilearen 'Carne y Arena' errealitate birtualeko instalazioa Bilbora iritsiko da
'Carne y Arena'k migratzaile eta errefuxiatuen giza izaera arakatzen du, mexikarren eta erdialdeko amerikarren testigantza errealetan oinarritutako errealitate birtualeko esperientzia baten bidez.
Alejandro G. Iñárritu zinemagile mexikarrak sortutako 'Carne y Arena' (Birtualki Presente, Fisikoki Ikusezina) errealitate birtualeko instalazioa Bilbora iritsiko da. Hain zuzen ere, Bizkaiko hiriburuan abiatuko da erakusketaren nazioarteko bira berria. Teknika aldetik berritu egingo dute erakusketa, murgiltze-ahalmena eta harrera-gaitasuna indartuz.
'Carne y Arena'k migratzaile eta errefuxiatuen giza izaera arakatzen du, mexikarren eta erdialdeko amerikarren testigantza errealetan oinarritutako errealitate birtualeko esperientzia baten bidez.
EITBren Bilboko egoitzako Plato 5 gune berriak errealizadore mexikarraren erakusketa txalotua hartuko du. "Euskadiren eta Mexikoren artean partekatutako historia horrek – familia-, kultura- eta politika-loturen bidez ehundutako kontakizunak – sare emankor bat sortzen du obrak oihartzuna eta atxikimendua izan dezan", adierazi du aurkezpen-gutunean Iñárrituk. "Mexikoko Euskal Etxeak eta Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Mexikoko herriak euskal erbesteari erakutsitako elkartasuna kontuan hartuta, lotura emozional eta sinbolikoa dago bi herrien artean, eta lotura horrek bat egiten du 'Carne y Arena'k jorratzen dituen gaiekin", azaldu du.
Sei minutu eta erdi irauten ditu errealitate birtualeko txangoak, erbestera garamatzan bidaia luzera hurbiltzen gaituen txangoak, alegia.
Erakusketa Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBK banku fundazioaren eta EITBren eskutik iritsiko da Bilbora eta 2026ko martxoaren 11tik ekainaren 20ra egongo da zabalik.

