Itxi

EITB TALDEA

EITB TALDEA

EITBk 9,3 milioi inbertitu zituen iaz ekoizpen zinematografiko eta fikzio seriatuetan

EITB MEDIA

% 71 euskarazko ekoizpenetarako erabili zen: EITBk 119 proiektu jaso zituen eta 45 onartu ziren (27 euskaraz). Euskarazko fikzio seriatua indartzeko ahaleginetan jarraituko du EITBk, Formatu txikiak, Talentu berriak ekimenaren bigarren deialdiarekin.

  • Koldo Almandoz, "Azken Agurra"ren filmazioan

    Koldo Almandoz, "Azken Agurra"ren filmazioan

2025ean, EITBk ikus-entzunezkoekin eta, bereziki, euskarazko fikzio seriatuarekin duen konpromisoa indartu egin da. Euskarazko jatorrizko bertsioa duten filmetan EITBk duen parte-hartzea nabarmen handitu da, eta horri euskarazko fikzio seriatuaren alde egindako apustua gehitu behar zaio.

EITBk tinko jarraitzen du euskal ikus-entzunezkoen sektorearekin batera lanean euskal zinemari laguntzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko; eta, nola ez, euskara, zuzendari berrien lana, nazioartekotzea eta emakume profesionalen parte-hartzea bermatzeko eta sustatzeko.

EITBk parte hartzen duen ekoizpen ugarik prentsaren eta kritika espezializatuaren aitortza lortu zuten jaialdi ospetsuetako eta areto komertzialetako estreinaldietan. 2025ean euskarazko film garrantzitsuen estreinaldiak nabarmendu ziren, hala nola Maspalomas, Karmele, Aro Berria, Gaua, Faisaien irla eta Jone, batzuetan. Horiekin batera azpimarratzekoak dira Decorado animaziozko zintaren estreinaldia, Singular Alberto Gastesiren bigarren film luzea, eta Los aitas Borja Cobeagaren azken komedia. Halaber, zinema jaialdi ugaritan parte hartu ondoren, Itoiz. Udako Sesioak dokumentalak ezustekoa eman zuen eta Estatu osoko hirugarren zine dokumentalik arrakastatsuena izan da.

2026ko estreinaldiak eta filmaketak

2026an ikusmina eragin duten honako estreinaldiak datoz: Azken Agurra (Koldo Almandoz); Hermanas (Ione Hernández); Sacamantecas (David P. Sañudo); Inurri Itsuak (Igor Legarreta); Nagore Aranburu protagonista duen Salitre, Norma Vilaren lehen lana;  David Romeroren lehena ere izango den Las hijas, Karra Elejalderen parte hartze bereziarekin eta Jone Laspiur, Yune Nogueiras eta Edurne Azkaratek osatutako lantaldearekin; eta Juan Palaciosen azken lana, Azken Izpia.

Gainera, EITBk parte hartzeko konpromisoa hartu duen filmen filmaketek ere azpimarra izango dute  aurten. EITBk onartutako proiektu hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Yerma, Lara Izagirreren euskarazko hurrengo film luzea; Rafaela, Alba Lozanoren euskarazko opera prima; Hiru olatuak, Paul Urkijoren film luzea; Canción animal, Nerea Castroren lehen lana; Caro Bastiano, Maria Elorzaren fikziozko lehen film luzea; eta Haritz Zubillagaren bigarren film luzea, El hermano de las moscas.

Animazioaren industrian emakumeen lekua kontuan hartzekoa da: besteak beste, Agurtzane Intxaurragaren, Korri, Kuru, ¡Korri! filma eta Eider Eibarren Esan ezan ozen film luzea ditugu. Gainera, EITBk onartutako azken animazio proiektuak, orobat, euskaraz dira guztiak: Amalur profezia (Myriam Ballesteros); Nora eta Anbotoko dama (Uxue Artetxeren debuta); eta Wawiak (Baleuko) eta Ikusezinak (Lotura Films) telesailak.

Euskarazko fikzio seriatua

EITBk euskarazko fikzio seriatuarekin duen konpromisoari dagokionez, EITBk fikziozko lehen bi telesail independenteak estreinatu zituen, 2023an horretarako sortutako lehen deialdiaren emaitza gisa. Lehena, "Desagertuta": arrakasta handia izan du Netflix Españan eta errekorra PRIMERAN (plataformaren inoizko titulurik ikusiena). Koldo Almandozen "Zeru Ahoak", Donostiako  Zinemaldiko Sail Ofizialean (2025) hautatutako lehen euskarazko telesaila izan da eta  baita Bartzelonako Serielizadosen erakutsitako euskarazko lehena ere.

2026rako iritsiko da "Argi Gorriak" (Alberto Gastesi, Álex Merino eta Alejandra Arróspide), azaroan Serielizados nazioarteko jaialdi ospetsuan lehiatu ostean. Martxoan estreinatuko da PRIMERANen. "Odol Ilargia" (David R. Losada), berriz, udazkenean iritsiko da.

2025ean 2 milioi euro berezi esleitu dira euskarazko fikzio seriaturako. Halaber, garapen fasean dauden beste bi titulutan parte hartzea onartu da. Koldo Almandozek bere hurrengo fikziozko telesaila eramango du pantailetara, "Su ahoak", oraingoan Harkaitz Cano eta Nagore Aranbururekin batera idatzia. Halaber, "Heldu gara", Sara Fantovak zuzendutako fikziozko lehen telesaila EITBren eskutik gauzatuko da.

Euskarazko fikzio seriatuan talentu eta sormen berria sartzea sustatzeko, EITBk lehen deialdia egin du, Formatu txikiak, Talentu berriak izenburupean. Gaur egun, deialdi honetako 7 miniserie ekoizpen- eta/edo postprodukzio-fasean daude, gehienak emakumeek zuzendutakoak: "Piztiak" (Amancay Gaztañaga eta Xanti Rodriguez), "Tamara ta Mara" (Ane Rotaetxe), "Lehen aldiz" (Jone Arriola), "Amarekin goxo-goxo" (Leire Albinarrate), "AIRBNBbarik" (Alba Lozano eta Nitya Lopez), "Estu" (Arriguri Koop.) eta "Izaki apur bat gardenak" (Iñigo Sbeltza).