EITB TALDEA
Musika
Hiru orduan agortu dira aurtengo Gaztea Sarietarako sarrerak
EITB
Martxoaren 5ean egingo da ekitaldi handia Euskalduna Bilbaon. Zuzenean arituko dira IZARO eta Olaia Inziarte; Janus Lester eta Nøgen; Euskoprincess; Hofe eta Jimena Amarillo; eta Merina Gris eta Gorka Urbizu. Bertan egoteko gonbidapenak Gaztearen webgunean lortu daitezke.
-
Gaztea Sariak 2026
Martxoaren 5ean ospatuko da Gaztea Sarien gau handia, Euskalduna Bilbao aretoan. Urtero legez, euskal musikak emandako onena sarituko dute, eta artista horietako asko oholtza gainera gonbidatuko ditu Gazteak, galarako propio prestatutako ikuskizuna eskaintzeko. IZARO eta Olaia Inziarte; Janus Lester eta Nøgen; Euskoprincess; Hofe eta Jimena Amarillo; eta Merina Gris eta Gorka Urbizu arituko dira, zuzenean. Sarrerak agortu egin dira.
Sariei dagokienez, aurreko urtean zehar jasotako uztari erreparatu eta artista, kanta, disko, bideoklip eta zuzeneko onenak sarituko dira, besteak beste. Aurten, baina, aldaketak izango dira hautaketa prozesuan. Bada, Gazteak osatutako epaimahai batek erabakiko ditu kategoria gehienetako irabazleak.
Hala ere, izango da bozkatzeko aukerarik. Izan ere, Gazteako ikus-entzuleek bi kategoriatako irabazleak erabakiko dituzte, webgunean abiatutako bozketan. Zehazki, zuzeneko eta ikuskizun onenaren irabazleak aukeratuko ditu publikoak. Zuzeneko onenaren kategorian, Merina Gris, Chill Mafia, Olaia Inziarte, EZEZEZ eta Gorka Urbizu dira izendatuak. Ikuskizun onenarenean, ostera, honako hauek: IZAROren cerodenero, ETSren 20 urte zure eskutik, ZETAKen Mitoaroa, Fermin Muguruzaren 40. urteurreneko Anoetako kontzertua eta Gatiburen Agur esan barik. Gainerako hautagaitzen inguruko informazioa Gaztearen webgunean dugu.
2026ko Gaztea Sarien babesleak honako hauek dira: GAZ (Eusko Jaurlaritzaren Gazteen Emantzipaziorako Zerbitzua), Kutxabank Korner eta Bizkaiko Foru Aldundia.

