Itxi

EITB TALDEA

Zuzeneko musika

Gaztea Sarien gau handia, ostegun honetan, Euskalduna Bilbaon

EITB

19:30ean irekiko dituzte ateak eta gonbidatuak alfonbra gorritik igaroko dira. 20:30etik aurrera Ainhoa Vitoriak eta Antton Telleriak aurkeztuko dute ekitaldia. Zuzenean eskainiko da, Gaztearen webgunean, YouTubeko kanalean eta GUAU eta ETB ON plataformetan. Gauean, ETB1en eta PRIMERAN plataforman.

0:38
Gaztea Sariak 2026, EITBn.

Ostegun honetan, martxoak 5, banatuko dira aurtengo Gaztea Sariak, Euskalduna Bilbaoko Urban Hall espazioan. 2025eko uztari erreparatu eta artista, kanta, disko, bideoklip, zuzeneko eta ikuskizun onenak sarituko dira, Gazteako epaimahaiak eta publikoak aukeratutako artista eta talde irabazleak oholtza gainera gonbidatuta.

Merina Gris, Gorka Urbizu, HOFE, Jimena Amarillo, Janus Lester, Nøgen, IZARO, Olaia Inziarte eta Euskoprincess artistek inoizko galarik musikalena eskainiko dute, Gaztea Sarietarako propio prestatutako ikuskizunekin.

Ainhoa Vitoriak eta Antton Telleriak aurkeztuko dute ekitaldia, eta hainbat aurpegi ezagun ikusiko ditugu sari banaketa lanetan. 20:30ean hasiko da gala, eta streaming bidez zuzenean izango da ikusgai, Gaztearen webgunean, YouTube kanalean eta GUAU eta ETB ON plataformetan. Behin gala igarota, gauean bertan ETB1en emitituko da (23:15) eta PRIMERAN plataforman ere izango da ikusgai.

Hautagaiak

Artista edo talde berri onena, bideoklip onena, kanta onena, disko onena, artista onena, zuzeneko onena eta ikuskizun onena sarituko dira. Aurten, zuzeneko eta ikuskizun onenen irabazleak Gazteako publikoak aukeratu ditu, bozketa bidez. Bestelako sariak, ostera, Gaztearen epaimahaiaren esku geldituko dira. Hauek dira kategoria bakoitzean izendatuak:

Artista edo talde berri onenaren Kutxabank Korner saria: GAR, Naxker, Maskak, Burutik eta Aimarz.

Bideoklip onena: Amaia Mirandaren "Amak Dio/Entre Mi Sangre y El Llanto", Euskoprincessen "Euskañol", HOFEren "R.A.", Miruaren "Morroxko" eta XSakararen "YEPA! " abestien bideoak.

Abesti onena: "Bi Begi Bi Lore", "Panpin bat bezala", "Salda badago", "Xorieri" eta "Zilarra". Janus Lester, Nøgen, HOFE, Jimena Amarillo, Mirua, IZARO eta Gorka Urbizu bertan izango dira, saria jasotzeko prest.

Disko onena: ETSren KONKISTA, EZEZEZen Kabakriba, Merina Grisen ZULOA, Olaia Inziarteren Zerrautsa eta Miruaren MIRUENEA.

Artista onena: Süne, ZETAK, Dupla, Olatz Salvador eta Janus Lester.

Zuzeneko onena: Merina Gris, Chill Mafia, Olaia Inziarte, EZEZEZ eta Gorka Urbizu.

Ikuskizun onena: IZAROren cerodenero, ETSren 20 urte zure eskutik, ZETAKen Mitoaroa, Fermin Muguruzaren 40. urteurreneko Anoetako kontzertua eta Gatiburen Agur esan barik.

Alfonbra gorria eta GU saio berezia

Ateak irekitzearekin batera piztuko dira alfonbra gorriko argiak. 19:30etik aurrera, Gaztea Sarietako gonbidatuak photocalletik igaroko dira, eta Jon Fernandez eta Berezi Fernandezen galderak erantzungo dituzte. Hau ere zuzenean jarraitzeko aukera izango da, Gaztearen webgunean eta YouTubeko kanalean.

Arratsaldeko lehen ordutik izango da Gaztea Euskalduna Bilbaon. 17:00etan hasita, Ibon Fernandez eta Alain Perezek "GU" saio berezia egingo dute bertatik, zuzenean. Galan joko duten artistak, Gaztea Sarietan parte hartuko duten sari emaile eta aurkezleak eta ohiko kolaboratzaileak bertatik igaroko dira, ekitaldiaren nondik norakoak zuzenean kontatzeko.

2026ko Gaztea Sarien babesleak honako hauek dira: GAZ (Eusko Jaurlaritzaren Gazteen Emantzipaziorako Zerbitzua), Kutxabank Korner eta Bizkaiko Foru Aldundia.