Itxi

EITB TALDEA

Martxoak 8

EITBk Estibaliz Urresola zinemagilearen M8 - IKUSI ETA IZAN lana estreinatuko du gaur

M8a dela-eta EITBk sustatutako ekimena da. Hiru minutuko fikzioa idatzi eta zuzendu du zinemagileak, eta ostiral honetan estreinatuko da, 12:00etan, PRIMERAN plataforman. Ondoren, ETB1, ETB2, ETB ON eta eitb.eus-en izango da ikusgai.

  • M8 - IKUSI ETA IZAN lanaren eszena bat

    M8 - IKUSI ETA IZAN lanaren eszena bat

Ostiral honetan, martxoak 6, M8 - IKUSI ETA IZAN izeneko lana estreinatuko du PRIMERAN plataformak, Estibaliz Urresola Solaguren zinemagileak EITBrentzat idatzi eta zuzendutako ikus-entzunezko pieza. Filmak erreferente feministei eta zinemaren munduari buruzko hausnarketa egiten du, neskato baten begiradapean. Asteburuan zehar ETB1era, ETB2ra, ETB ONera eta eitb.eus-era ere iritsiko da, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Emakumeak zinema zuzendaritzan lekua egin eta pertsonaia femeninoen erreferente berriak agertu izanak izan duen eragin zuzen eta errealaren inguruan egiten du hausnarketa; eta azpimarratzen du horrek zein eragin duen neskatoen eta emakumeen autopertzepzioan, eta, ondorioz, gizarte osoan ere.

Hiru minutuko fikzioa da, eta hiru neska gaztek idatzitako gutun errealetan oinarrituta dago. Kasu honetan, protagonista neskato bat da, etorkizuneko bere NI-ari idatziko diona; eta etorkizuneko NI hori nolakoa izatea nahiko lukeen azalduko diona. Horretarako, berriki ikusi dituen filmetako emakumeak eta neskak jarriko ditu adibide gisa. Hartara, bidaia zinematografiko bat egingo dugu emakumeek zuzendutako lanetan barrena (EITBren partaidetza duten lanak dira guztiak), emakumea bera jarduera, agertoki eta kode zinematografiko ugaritan ikusteko. Bertan dira, Estíbaliz Urresola Solagurenen lanekin batera, hainbat emakume zinemagileren pelikulen pasarteak: Mireia Gabilondo, Alauda Ruiz de Azúa, Isabel Herguera, Lara Izagirre, Irati Gorostidi, Maider Oleaga, Sara Fantova, Andrea Jaurrieta, Helena Taberna, Icíar Bollaín, Bertha Gaztelumendi, Ainhoa Andraka, Zuriñe Goikoetxea, Amaia Merino, Larraitz Zuazo, Maider Fernández, María Elorza, Paula Iglesias, Marta Gómez, Helena Bengoetxea, Ainhoa González, Gentzane Martínez de Osaba, Silvia Munt, Arantxa Aguirre eta  Arantxa Echevarría.

Emakumeek zineman egindako lanaren eta emakumeek egindako euskal zinemaren aldarrikapena da, gure zinemaren zuzendari eta sortzaile handienetako baten eskutik. Izan ere, Urresolak historia egin zuen Berlinalen 20.000 especies de abejas lan sarituarekin, eta zuzendari berri onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren Goya sariak ere eskuratu zituen, baita Urrezko Biznaga eta katalanez besteko Film Onenaren Gaudia ere. Urteko pelikula bihurtu zen, zalantzarik gabe, eta zuzendaria erreferente handienetako bat.

Jada ezagunak diren emakumeen zinemarekin batera, M8 - IKUSI ETA IZAN lan berri honetan protagonista gazteak ere badaude, beren burua etorkizunean proiektatzen dutenak: Anitz Zerain protagonista eta off ahotsa, Mari Elkoro, Eneritz Barriola, Intza Santacruz, Irati Hernandorena, Sasha Romanova, Nahia Erroitzenea eta Arhane Zubeltzu.

Estibaliz Urresola Solagurenek erreferentzialtasunaren garrantzia azpimarratu du, baita zineman ere, emakume zinemagileen belaunaldi berri baten eskutik. "Emakumezko pertsonaien profilen continuum konplexu bat ere loratzen da, konplexuagoak, inperfektuagoak, errealagoak eta hurbilagoak", azaldu du. "Emakumeak elkarrekiko existitzen dira, ez bakarrik gizonekiko harremanean; eta zinemako pantaila ispilua den heinean, eta bertan islatzen eta identifikatzen garen heinean, emakumeen erretratu berri horiek agertzeak proiektatzeko eta autopertsibitzeko modua aldatzen du. Beste era batera esanda, ezagutzen ditugun erreferenteak aldatzen dira, eta hori osasungarriagoa da gizarte osoarentzat eta, bereziki, emakumeentzat".

Soinu-bandaren konpositorea Asier LI da, eta EASO Abesbatzak interpretatzen du. Parte hartu duten euskal talde artistiko profesionala: Cris Neira (argazki zuzendaria), Carmen Main (arte zuzendaria), Raúl Barreras (edizioa), Clara Rus (kolorea), Koldo Corella (soinu diseinua eta nahasketa), Juanan Ros (musikaren grabaketa eta nahasketa), Alejandro Martos (kamera laguntzailea), Lucía Meca (arte laguntzailea), Marina Pérez (ekoizpen laguntzailea) eta Jone Taberna (ilustrazioak).

M8 - IKUSI ETA IZAN ostiral honetan estreinatuko da, 12:00etan, PRIMERAN plataforman. Asteburuan, ETB1en eta ETB2n, ETB ONen eta eitb.eus-en izango da ikusgai.

Emakumeen Nazioarteko Egunari babesa eta zabalkundea emango diete EITBko hedabideek

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, EITB Taldeko hedabideek martxoaren 8rako deitutako mobilizazio eta aldarrikapenak bertatik bertara jasoko dituzte. Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta ORAINek zuzenean jarraituko dituzte Euskal Herrian barrena egingo diren ekimen nagusiak zuzeneko, elkarrizketa eta eduki berezien bitartez, berdintasunaren aldarrikapena jomugan. Azkenik, M8rako EITBk sortutako ikus-entzunezko irudia ikusgai egongo da Bilboko egoitzako kanpoko pantailan, ETBko emisioetan eta sare sozialetan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea