Itxi

EITB TALDEA

Fikzioa

"Argi Gorriak" telesailaren aurrestreinaldia, martxoaren 18an, Donostiako Kursaalen

EITB Media

Itziar Ituño protagonista duen fikzioaren hiru atal eskainiko dira Kursaaleko K2 aretoan, 19:30ean hasita. Hilaren 20an helduko da PRIMERAN streaming plataformara EITBren parte hartzea duen lana.

  • Martxoaren 18an da aurrestreinaldia, Donostian

    Martxoaren 18an da aurrestreinaldia, Donostian

EITBren eskutik, "Argi Gorriak" telesailaren aurrestreinaldia egingo da datorren martxoaren 18an Donostian. Itziar Ituño protagonista duen thriller kutsuko familia-komedia garratz hau ordu erdiko zortzi atalez osatuta dago eta lehen hirurak proiektatuko dira Kursaaleko K2 aretoan, 19:30ean. Martxoaren 20tik aurrera izango da ikusgai PRIMERAN streaming plataforman. 

Aitak abandonatzea baino gauza okerragorik badago: hura bost urte geroago itzultzea, hitz egitea eta ia mugitzea eragozten dion iktus batek jota. Egoera, berez arrotza, are kezkagarriagoa bihurtzen da bere itzulera txerri gazi-gozo plater batean ezkutatutako heriotza-mehatxu bat agertzearekin batera gertatzen denean. Mugikatarrak sekula ez dira ondo moldatu familia gisa, baina zerbait estimatzen badute, beren bizitzak dira. Horiek salbatzeko, taldean lan egin beharko dute eta aita azken urteetan zein istilutan sartu den jakin beharko dute. Zenbat eta lehenago konpondu auzia, orduan eta lehenago izango dira familia zoriontsuki banandua. 

Horixe du abiapuntu EITBren partaidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin Vidania Filmsek egindako fikzioak. Elena Mugika izeneko bikoizketako aktorearen rola betetzen du Itziar Ituñok. Bere urterik sutsuenak atzean utzita, errutinan murgilduta bizi da. Baina iktusa izan duen eta heriotza-mehatxu arriskutsu batean nahastuta dagoen senar ohiaren itzulerak dena aldatuko du. 

Itziar Ituño

Itziar Ituño

Aktore lantaldea Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodríguez, Klara Badiola, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Ziyi Yang, Guiomar Puerta, Aitor Beltran eta Jon Lukas Puertasek osatzen dute. Alex Merino, Alejandra Arróspide eta Alberto Gastesi dira sortzaileak, eta Gastesik berak egin ditu zuzendari lanak. 

Horiek guztiak Kursaaleko alfonbra gorritik pasako dira, 18:30etik aurrera, ekitaldira gonbidatutako beste hainbat aktore eta ikus-entzuneko sektoreko zein EITBko ordezkariekin batera. 

Umorea eta intrigaren bitartez, "Argi Gorriak" telesailak hainbat gai jorratzen ditu, hala nola aukeratutako familia, identitatea, talka kulturala, lan prekarietatea eta LGTBIQ+ ikusgarritasuna. Ekoizpenak nazioarteko estreinaldia izan zuen, Bartzelonako Serielizados festibaleko sail ofizialean (telesailen jaialdi garrantzitsuenetako bat).

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB