EITB TALDEA
Fikzioa
Itziar Ituño protagonista duen "Argi Gorriak" telesaila ostiralean estreinatuko da PRIMERAN plataforman
EITB Media
EITBren parte hartzea duen thriller kutsuko familia-komedia garratza asteazken goizean aurkeztu da Donostiako Maria Cristina Hotelean eta arratsaldean, lehen hiru atalak eskainiko dira Kursaaleko K2 aretoan, 19:30ean hasita.
-
Donostiak Maria Cristina Hotelean egindako aurkezpeneko irudia
EITBren eskutik, "Argi Gorriak" telesailaren aurrestreinaldia egingo da gaur arratsaldean Donostian. Itziar Ituño, Nerea Sanz, Arnatz Puertas, Iñigo Gastesi, Yangxi Chen eta Iñigo Rodríguez protagonista dituen thriller kutsuko familia-komedia garratz hau ordu erdiko zortzi atalez osatuta dago eta lehen hirurak proiektatuko dira Kursaaleko K2 aretoan, 19:30ean. Martxoaren 20tik aurrera izango da ikusgai PRIMERAN streaming plataforman (astero bi atal).
Goizean, prentsaurrekoa egin da Maria Cristina Hotelean. Bertan izan dira Isabel Octavio, ETBko zuzendaria; Vanesa Fernandez, EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria; Iraide Muga, PRIMERANeko arduraduna; Alex Merino, Alejandra Arróspide eta Alberto Gastesi, telesailaren sortzaileak; eta Itziar Ituño, Nerea Sanz, Arnatz Puertas, Iñigo Gastesi eta Yangxi Chen, telesailaren protagonistak.
Prentsaurrekoaren irudia
Aitak abandonatzea baino gauza okerragorik badago: hura bost urte geroago itzultzea, hitz egitea eta ia mugitzea eragozten dion iktus batek jota. Egoera, berez arrotza, are kezkagarriagoa bihurtzen da bere itzulera txerri gazi-gozo plater batean ezkutatutako heriotza-mehatxu bat agertzearekin batera gertatzen denean. Mugikatarrak sekula ez dira ondo moldatu familia gisa, baina zerbait estimatzen badute, beren bizitzak dira. Horiek salbatzeko, taldean lan egin beharko dute eta aita azken urteetan zein istilutan sartu den jakin beharko dute. Zenbat eta lehenago konpondu auzia, orduan eta lehenago izango dira familia zoriontsu banandua.
Horixe du abiapuntu EITBren partaidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin Vidania Filmsek egindako fikzioak. Elena Mugika izeneko bikoizketako aktorearen rola betetzen du Itziar Ituñok. Bere urterik sutsuenak atzean utzita, errutinan murgilduta bizi da. Baina iktusa izan duen eta heriotza-mehatxu arriskutsu batean nahastuta dagoen senar ohiaren itzulerak dena aldatuko du.
Aktore lantaldea Nerea Sanz, Arnatz Puertas, Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodríguez, Klara Badiola, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Guiomar Puerta, Aitor Beltran, Jon Lukas Puertas eta Jokin Gonzalezek osatzen dute. Alex Merino, Alejandra Arróspide eta Alberto Gastesi dira sortzaileak, eta Gastesik berak egin ditu zuzendari lanak.
Horiek guztiak Kursaaleko alfonbra gorritik pasako dira, 18:30etik aurrera, ekitaldira gonbidatutako beste hainbat aktore eta ikus-entzuneko sektoreko zein EITBko ordezkariekin batera.
Umorea eta intrigaren bitartez, "Argi Gorriak" telesailak hainbat gai jorratzen ditu, hala nola aukeratutako familia, identitatea, talka kulturala, lan prekarietatea eta LGTBIQ+ ikusgarritasuna. Ekoizpenak nazioarteko estreinaldia izan zuen, Bartzelonako Serielizados festibaleko sail ofizialean (telesailen jaialdi garrantzitsuenetako bat).

