Itxi

EITB TALDEA

Euskadi Irratia

"Faktoria" berezia ostiralean Donostiako Belodromotik, '24 orduak euskaraz' ekimenaren 50. urtemugan

EITB

Duela 50 urte, Herri Irratiek antolatuta, euskarazko saio berezia eta musika jaialdia egin ziren 24 orduz. Une historiko hura gogoratzeko eta euskararen bilakaera zein etorkizuneko erronkez hitz egiteko, irrati saio berezia egingo du Euskadi Irratiak, Iñaki Guridik eta Maider Segurolak gidatuta.

  • Iñaki Guridi eta Maider Segurola

    Iñaki Guridi eta Maider Segurola

Euskal kulturaren eta hizkuntzaren aldeko mugarri historikoa izan zen 1976ko martxoaren 27an Euskal Herriko Herri Irratiek antolatutako ekimena: euskara hutsean egindako irratsaio bat eta 24 orduko musika jaialdia egin zuten Donostiako Belodromoan. 50 urte geroago, eszenatoki beretik, Euskadi Irratiak emanaldi berezia egingo du "Faktoria" saioko lantaldearen eskutik. Iñaki Guridik eta Maider Segurolak gidatuko dute saioa, 08:00etan hasita eta 11:00k bitartean.

24 orduak euskaraz ekimenaren antolatzaileekin izango dira, Joxe Ramon Beloki eta Joxe Mari Iriondo tartean, eta jaialdiaren soinu pasarteak tartekatuko dituzte. Euskararen oraina eta etorkizuna aztertzeko mahai-ingurua egingo dute Jon Sarasua, Aitzpea Leizaola eta Eneko Agirrerekin. Halaber, zuzeneko musika izango dute: ekimenean parte hartu zuten Pantxoa eta Peiorekin, baita Mirua taldearekin ere.

Irratsaioa, entzun ez ezik, ikusgai ere izango dugu GUAU plataforman, zuzenean. Hala, hainbat erreportaje eskainiko dira: jaialdian parte hartutako musikariena (Gorka Knör, Gontzal Mendibil eta Oskarbi taldeko Agustina Pontesta), orduko entzuleena eta Jose Luis Zumetak egindako kartelari buruzkoa. Haren alaba Uxuerekin egon dira, hain zuzen ere.

Bestalde, ostiralean bertan, gaueko 21:00etan, duela mende erdi Belodromoko ekitaldia hasi zen ordu berean, ordubeteko saio berezia eskainiko du Euskadi Irratiak, jaialdi hartako unerik gogoangarrienak bilduta.

 


 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea