Itxi

EITB TALDEA

Apirilaren 13ko astean hasita

ETB1 ONek etenik gabeko 12 orduko euskarazko haur programazioa eskainiko du, LTD bidezko emanaldian

EITB

07:00etatik 19:00etara izango da, eta MAKUSIren edukiak eskainiko dira. Gainerako orduetan Internet bidezko seinalearekin bateratuko da, eskubide murrizketarik gabeko edukiekin. ETB1 ONek, beraz, bikoiztu egingo du emisioa, telebista konbentzionalean haurrentzako edukien eskaintza handitzeko.

  • ETB1 ON

    ETB1 ON

Apirilaren 13ko astetik aurrera, EITBk bikoiztu egingo du ETB1 ONen seinalea, eta 07:00etatik 19:00etara haurrentzako euskarazko edukiak eskainiko ditu, etenik gabe, LTD (TDT) edo telebista konbentzionalean.

ETB3ko emisioen amaierarekin ados ez daudela adierazi duten hainbat talde eta eragilerekin bildu da EITB berriki, eta telebista irekian, ETB1 ONen bitartez, MAKUSIren eduki-eskaintza zabaltzeko aukera helarazi die. Horretarako, ETB1 ONek bikoiztu egingo du emisioa: bat, LTD edo ohiko telebista konbentzionalean, euskarazko 12 orduko haur programazioarekin; eta beste bat, YouTuben, plataformetan eta telebista-zerbitzu hornitzaileetan, nazioartean eskubide murrizketarik gabeko programazioarekin.

Horrela, ETB1 ONek MAKUSIren haurrentzako edukiak eskainiko ditu LTDn, 07:00etatik 19:00etara; eta nazioarteko eta Interneteko seinalea bateratuko du 19:00etatik 07:00etara. Beraz, telebista konbentzionalean egunean haurrentzako 12 orduko euskarazko eduki eskaintza egongo da.

Formula horren bidez, EITBk telebista irekian edo LTDn (TDTn) emango ditu ETB1, ETB2, ETB2 ON eta ETB1 ON, azken hau haurrentzako edukiekin; eta plataformetan eta Internet bidez ETB2 ON eta ETB1 ON, eskubide murrizketarik gabe eta ETB1 eta ETB2ko eduki onenekin. Hau martxan jarri arte EITBk euskarazko haurrentzako edukiak indartuko ditu ETB1en.

Estrategiak partekatzea

Eragile horiekin egindako bileran, kontrasterako foro bat sortzeko konpromisoa hartu du EITBk. Bertan, aldian-aldian estrategiak partekatuko lirateke euskalgintzako hainbat eragilerekin, eta bereziki euskarazko ikus-entzunezko edukien sustapenean dihardutenekin.

Bilera horretan partekatu da EITBren digitalizazio-prozesuarekin aurrera jarraitzeko beharra, edukiak oinarri direla kontsumoari begira, eta euskara funtsezko elementuetako bat EITBk zerbitzu publiko gisa duen betebeharrean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista
  • EITB