EITB TALDEA
Antzerkia eta dantza
Dantzertiren lanak EITBren plataformetan, arte eszenikoak zabaldu eta sustatzeko lankidetza hitzarmenari esker
EITB
PRIMERAN eta ETB ON plataformetan eskura ditugu Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolaren bederatzi pieza. Gainera, EITBk Dantzertiren azken bi ekoizpenak grabatuko ditu: 'Egin bedi zure nah-ia' eta 'Shakespeare ez zen inoiz hemen egon'. Ekainean eskainiko dira.
-
'Egin bedi zure nah-ia'. Argazkia: Dantzerti
Dantzerti Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Arte Dramatiko eta Dantza goi mailako eskolak eta EITBk lankidetza-hitzarmena sinatu dute, ikasleen, etorkizuneko profesionalen eta euskal gizartearen isla eta inspirazio izan nahi duten eduki digitalak elkarrekin eskaintzeko. Hautatutako obrek graduaren kalitatezko formakuntzaren berri ematen dute, pertsonen gaitasunetan arreta jarrita, egungo gizarteari erantzun egokia emateko saiakeran eta berrikuntza metodologikoan eta teknologikoan murgilduta.
EITBk, gizarte moderno eta anitza islatzen duten edukiak eskaintzen dituen agente eraldatzaile gisa, konpromiso sendoa du herritarrei euskal kulturaren eta euskararen eragileek sortutako kultura- eta gizarte-interes nabarmeneko edukiak eskaintzeko. Euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko ekarpen hori teknologiara egokitu behar da nahitaez eta, horretarako, formula berriak kudeatu behar dira, teknologiaren etengabeko bilakaeraren aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzeko.
Lankidetza horri lotuta, Dantzerti eskolako bederatzi lan ikusgai ditugu, euskaraz, EITBren PRIMERAN eta ETB ON plataformetan:
-Eldarnio-Delirio (antzerkia), Jokin Oregik zuzenduta (2025, 66 min.)
-Basazuria (dantza), La Intrusak zuzenduta (2025, 48 min.)
-Gasteizko Hondartzak (antzerkia), Ximun Fuchs-ek zuzenduta (2024, 97 min.)
-Show (dantza), Ziomara Hormaetxek zuzenduta. (2024, 27 min.)
-Neke asko eta ezer ez (antzerkia), Iñaki Rikartek zuzenduta (2023, 121 min.)
-Eskukatu (dantza), Fabian Thomek zuzenduta (2023. 32 min.)
-Basatiak (antzerkia), María Goiricelayak zuzenduta (2022. 94 min.)
-Uda gau baten bidegurutzea (antzerkia), Mireia Gabilondok zuzenduta (2021. 89 min.)
-Eskamak kentzen (antzerkia), Fernando Bernuések zuzenduta (2020, 58 min.)
Era berean, ekainean Egin bedi zure nah-ia ikusi ahal izango dugu, martxoaren 24an Azkuna Zentroko Auditorioan estreinatu eta EITBk grabatutako lana. Asier Zabaleta sortzailearen zuzendaritzapean eta koreografiarekin, laugarren mailako ikasleek taularatu zuten obra, adimen artifizialak gizartean duen rolari buruzko hausnarketa kritikoa egiteko.
Azkenik, Shakespeare ez zen inoiz hemen egon izenekoa ere helduko da EITBra, apirilaren 23an Barakaldoko Antzokian estreinatu ostean. Getari Etxegaraik zuzendutako komedia honek benetakotasunari, iruzurrari eta istorio onen gaitasunari buruzko gogoeta egiten du. 2026an, Gipuzkoako herri txiki bat hankaz gora jarriko dute Shakespeareren obra argitaragabe baten ustezko aurkikuntzaren ondoren. Kazetari eszeptiko baten etorrerak eskuizkribuaren inguruko interes ezkutuak, engainuak eta handinahiak azaleratuko ditu, egia bera eta mitoak sinesteko nahia aurrez aurre jarrita.

