EITB TALDEA
Aurkezpena
GUAU plataformak "Sona" bideopodcast musikala estreinatu du
EITB
Helburua da Euskal Herriko mapa musikala osatzea. Horretarako, hamar talde edo bakarlari gonbidatuko dituzte, eta bakoitzak beste artista, talde edo musika-eszena batzuk proposatuko ditu. Arrasateko taberna giroko plato berezi batean grabatu da eta bertan egingo da jendaurreko aurkezpena.
-
"Sona"
GUAU EITBren audio plataformak "Sona" musika bideopodcast berria estreinatu du astearte honetan. Jokin Bereziartuak aurkeztuta, hamar atal izango ditu lehen denboraldiak, eta atal bakoitzak 30 minutuko iraupena. Astero, asteazkenetan, kapitulu berri bat argitaratuko da.
Euskal musikari eskainitako bideopodcast berria da "Sona", eta bere helburua Euskal Herriko mapa musikala osatzea izango da. Horretarako, lurralde eta estilo ezberdinetako artistak izango dira protagonista, euskal musikaren aniztasuna eta aberastasuna erakutsiz. Guztira, hamar talde edo bakarlari gonbidatuko dituzte, eta bakoitzak beste artista, talde edo musika-eszena batzuk proposatuko ditu, mapa musikal kolektibo hori osatzen laguntzeko. Besteak beste, J Martina taldeko Ane eta Kattalin Barcena, Kaparrak, Julen Goldarazena Flako Fonki, Silitia, Mirotz, Maruxak eta Odei Barroso igaroko dira "Sona"ren platotik. Arrasateko taberna giroko plato berezi batean grabatu da, formatuari gertutasuna eta nortasun berezia emanez.
Saio bakoitzaren ardatza elkarrizketa izango da. Gonbidatuen jatorri pertsonal eta artistikoan murgilduko da, haurtzaroko erreferente musikalak aztertuz eta gaur egun musikari gisa bizi dituzten erronkak, tentsioak eta ikuspegiak mahai gainean jarriz. Era berean, musikari, genero, hizkuntza eta lurraldearekiko duten harremana ere landuko da. Kontzertu baten prestaketa giroan, artistek beren zuzenekoaren atzealdea erakutsiko dute, eta bi abesti interpretatuko dituzte: beren errepertorioko pieza bat eta euskal artista baten bertsio edo cover bat. Horrez gain, jolas eta dinamika arinek ere izango dute lekua, hala nola galdera azkarrak edo euren bost kantu gustukoenen zerrenda osatzea.
Abao komunikazio agentziak ekoitzi du EITB Mediarentzat, eta astearte honetan egingo da jendaurreko aurkezpena Arrasateko (Gipuzkoa) Rumba tabernan.

