Itxi

EITB TALDEA

Zinema

PRIMERANek Sara Fantovaren 'Jone, batzuetan' lan arrakastatsua estreinatu du, bilbotarraren lehen film luzea

EITB

Olaia Aguayo, Josean Bengoetxea eta Ainhoa Artetxe aktoreak ditugu protagonista lanetan, eta Bilboko Aste Nagusian girotuta dago. Sara Fantovak EITBren Egile Berriak saria jaso zuen 2025eko Zinemaldian, eta Malagako Zinemaldian ere saritu zuten lana.

  • Jone, batzuetan

    Jone, batzuetan

EITBren PRIMERAN plataforman ikusgai dugu gaurtik aurrera Jone, batzuetan pelikula, Sara Fantova zinemagilearen (Bilbo, 1993) lehen film luzea. Bilboko Aste Nagusian filmatu zuten, euskaraz, eta EITBren partaidetza du, euskarazko fikzioaren eta zuzendari berrien lanen alde EITBk duen konpromiso eta apustuari erantzunez.

Bilbo, abuztua. Jone (20) aitarekin eta Marta ahizpa txikiarekin bizi da. Aitak lana utzi behar izan du bere parkinsonaren ondorioengatik. Aldi berean, Bilboko Aste Nagusiko jaiak hasten dira, eta Jone lehen aldiz maiteminduko da orduan. Uda horretan, Olgarekin –maite duen neskarekin– bizi duen hilezkortasun-sentsazioaren eta aitaren gaixotasunaren ondorioz bakarrik geratzeko beldurraren artean biziko da Jone.

Olaia Aguayo dugu aktore protagonista, zinema munduan egindako lehen paperean. Estreinaldi arrakastatsua izan du, gainera, Emakumezko Aktore Onenaren saria jaso baitu Cinespaña Toulouse jaialdian. Aguayorekin batera, Josean Bengoetxea, Ainhoa Artetxe eta Elorri Arrizabalaga antzezle gaztea aurkituko ditugu. Amania Films, Escac Films, ECPV- Escuela de Cine del País Vasco eta Escándalo Films-ek ekoiztu dute, Nuria Dunjó, Nuria Martín Esteban eta Sara Fantova beraren gidoiarekin.

Jone, batzuetan filmak Malagako Zinemaldiko Sail Ofizialean hartu zuen parte, eta zuzendaritza onenaren atalean aipamen berezia jaso ere. Bartzelonako D'A Film Festivaleko Impulso Colectivo saria eta Atlàntida Mallorca Film Fest jaialdiko pelikula onenaren Dama Agustí Villaronga saria ere jaso ditu, eta baita aipamenak Queer Lisboa (publikoaren saria), Thessaloniki International Film Festival, Göteborg Film Festival eta London BFI zinema jaialdietan ere. Azken Donostia Zinemaldian Zinemira sailean hartu zuen parte, eta EITBren Egile Berriak saria jaso zuen Sara Fantovak. 


 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea