EITB TALDEA
Estreinaldia
Arnaitz Fernandezen "Zientzia Piztia" haurrentzako saio berria, ostiraletik aurrera, MAKUSI plataforman
EITB
Ume eta gaztetxoei zientzia gerturatzeko asmoa du programak, entretenimendua eta dibulgazioa uztartuta. Esperimentu ugari erakutsiko dizkigu EITBren "Eguraldia" saioko aurkezleak, oso modu erakargarrian. 'Murgildu gaitezen elkarrekin zientziaren munduan!'
-
Arnaitz Fernandez
Maiatzaren 15ean "Zientzia Piztia" saio berria estreinatuko du MAKUSI EITBren haur eta gaztetxoentzako plataformak. Arnaitz Fernandez fisikari eta meteorologoaren eskutik, ume eta gaztetxoak zientziara gerturatzea du programak helburu. Hala, esperimentuen bitartez, atal bakoitzean abentura zientifiko txiki batean murgilduko gara eta saioan egindakoa etxeko txikiekin batera praktikan jartzeko aukera ezin hobea izango da.
Guztira, sei minutuko hamar atal izango dira, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrarekin elkarlanean sortutakoak, eta ostiralero bi kapitulu berri eskainiko ditu MAKUSIk. Estreinakoan, adibidez, marrazkiak bizidun bihurtzeko esperimentua ekarriko digu Arnaitzek. Errotuladore bat erabiliz, plater batean marraztutako irudiak, ura gehitzean, gainazaletik askatu eta flotatzen hasiko direla erakutsiko digu, dentsitatearen kontzeptu zientifikoa modu erakargarri eta dibertigarri batean azaltzeko. Marrazkiak bizidun bihurtu, ura dantzan jarri, izotza arrantzatu.... Magia al da? EZ! ZIENTZIA DA!
"Zientzia Piztia" saio berriaz gain, maiatza estreinaldiz beteta dator MAKUSIn. Hilabete hasieran estreinatu zen "Henry Danger" fikzioko telesail entzutetsua, euskaraz; eta joan den ostiralean, "Ztanda" saioaren denboraldi berria. Maiatzaren 22tik aurrera, berriz, "Pottokiak 3D" atal berriak izango ditugu ikusgai; eta, azkenik, hilaren 29tik aurrera, eta abuztuaren 12an biziko dugun eguzki-eklipsearen inguruko sei ataleko saio berezia, Arnaitz Fernandezen eta June Ansoleagaren eskutik. Haur eta gaztetxoek eguzki-eklipsearen nondik norakoak ikasiko dituzte bi aurkezleek gidatutako atal berezi hauen bidez.
Henry Danger
MAKUSI haur eta gaztetxekoentzako plataformak bi urte bete berri ditu eta denbora honetan haur eta gaztetxoentzako euskarazko ikus-entzunezko edukien katalogo zabala osatu du, etxeko txikientzako pentsatutako ingurune digital seguru eta doako batean.

