EITB TALDEA
KULT unibertsoa
KULT_opera: Frantziako Iraultzan girotutako 'Andrea Chénier' opera zuzenean Euskaldunatik, ETB2n eta ETB ONen
EITB
ABAO Bilbao Operak eta EITBk indarrak batuko dituzte berriro ere opera gizartera gerturatzeko ahaleginean. ABAOren denboraldia itxiko duen Giordanoren lana larunbat honetan izango da ikusgai, 19:00etan. KULT_agenda eta KULT_zinemaren ondoren, KULT_opera estreinatuko du EITBk.
-
'Andrea Chénier' operarekin estreinatuko du EITBk KULT_opera
Larunbat honetan, 19:00etatik aurrera, zuzenean Bilboko Euskaldunatik, Andrea Chénier opera eskainiko du EITBk, Frantziako Iraultzaren garaian girotutako Umberto Giordanoren lana. Beste behin, ABAO Bilbao Operak eta EITBk indarrak batu dituzte opera gizartera gerturatzeko telebista emanaldi berezi honen bitartez.
ABAOk koproduzitu eta Kutxabank-ek babestutako muntaia Xabier García Ramsden kazetariak aurkeztuko du ETB2n eta ETB ONen. Lehen ekitaldia amaitu ondoren, García Ramsdenek bi gonbidaturekin hitz egingo du: Juan Carlos Matellanes ABAOko presidentearekin eta Alfonso Romero Mora eszena zuzendariarekin. Iñigo Iturrate Euskalduna Bilbaoko zuzendariarekin ere izango da Radio Euskadiko aurkezlea. Elkarrizketaz gainera, entseguetako irudiak eskainiko dira. Ondoren 2. ekitaldia hasiko da; eta, amaitzean, "Teleberri" albistegia (ohi baino beranduxeago).
KULT_agenda eta KULT_zinema-ren ondoren, KULT unibertsoaren aterpean bildu du EITBk bere opera-eskaintza. Eszena artistikoaren erreferentzia moderno eta erakargarri izan asmoz jaio den edukiontzia da, sektorerako eduki estrategikoak ere barne hartzen dituena.
Maitasuna eta heriotza Frantziako Iraultzan ABAOren denboraldiaren amaieran
Andrea Chénier lanak, ABAOren 74. denboraldia itxiko duen operak, zirrara eragiteko osagaiak ditu: heroismoa, azpijoko politikoak, klaseen arteko borroka eta, batez ere, hil arteko maitasun istorio kitzikagarria.
Tragedia hunkigarri honen protagonista Michael Fabiano tenorra da, azpijokoen biktima den eta bere bizitzarekin pentsamendu-askatasuna ordaintzen duen poeta bertutetsua. Fabianorekin batera, Saioa Hernándezek (Maddalena di Coigny maitale aristokratikoa) eta Juan Jesús Rodríguez (Carlo Gérard, agente iraultzailea) baritono ezagunak ixten dute hirukote protagonista. Horiekin batera aipatzekoak dira Nancy Fabiola Herrera mezzoa (Contessa di Coigny eta Madelon), Veta Pilipenko (La mulata Bersi), Gabriel Alonso (Roucher), Jorge Rodríguez-Norton (Incredibile eta L 'Abate), Fernando Latorre, José Manuel Díaz eta Gexan Etxabe (Bilboko publikoak oso maite eta hurbileko dituen ahotsak).
Guillermo García Calvo da musika zuzendaria da eta, ABAOrekin egingo duen estreinaldi honetan, Bilbao Orkestra Sinfonikoa-Orkestra Nagusiaren buru jarriko da. Halaber, Esteban Urzelaik zuzendutako Bilboko Opera Abesbatzak berebiziko garrantzia du herriaren ahots kolektiboa ordezkatuz. ABAO Bilbao Operaren eta Castell de Peralada Jaialdiaren ekoizpenaren eszena-zuzendaria Alfonso Romero Mora da.

