Itxi

telebista

22.edizioa

Montyk, Aimarrek eta Jaiok "El Conquistador" saioaren ikurrina izango dute jokoan asteleheneko final handian

EITB

Patxi Alonsok, Lur Errekondok eta Julian Iantzik aurkeztuta, tentsioz, emozioz eta sorpresaz betetako hitzordu ahaztezina izango da. 22:15ean, zuzenean, ETB2n eta ETB ONen. Saioak amaiera bikaina emango dio aparteko abentura honi: 1.188.000 lagunek egin dute bat ETBrekin 22. edizioa jarraitzeko.

  • Jaio, Monty eta Aimar, finalistak

    Jaio, Monty eta Aimar, finalistak

Abentura amaitzear da. "El Conquistador" saioaren XXII. edizioak datorren astelehenean, ekainak 29, biziko du final handia, zuzeneko gala ikusgarri batekin. Patxi Alonsok, Lur Errekondok eta Julian Iantzik aurkeztuta, hitzordu erabakigarria izango da. Emozioa, erronkak eta desafioen gogortasuna izan dira aurtengo denboraldiko osagai nagusiak, eta astelehen honetan jakingo dugun nor den irabazlea.

Monty, Aimar eta Jaio. 24 asteko abenturaren ondoren, horietako batek bakarrik lortuko du ikurrina altxatzea eta telebistako abentura-reality handienaren 22. edizio honetako irabazlea izatea. Tentsioz, emozioz eta sorpresaz betetako hitzordu ahaztezina izango da final handi hau. Irabazleak 20.000 euroko saria eramango du; bigarren geratuko den lehiakideak 10.000 euro; eta hirugarren postuan geratuko denak 5.000 euro.

"El Conquistador" saioak amaiera bikaina emango dio aparteko abentura bati, publikoaren aldetik erantzun bikaina lortu duen 22. edizioan: guztira, 1.188.000 lagunek egin dute bat denboraldi honekin ETBn. Batez beste, 215.000 ikus-entzule atal bakoitzean eta, ohi bezala, audientzia-buru izan da, oro-har, bai astelehenetan (% 18ko kuota), bai astearteetan ( % 16koa) ere. Bereziki nabarmentzekoa da publiko gazteenaren artean izandako arrakasta: % 37ko kuota 13 eta 24 urte bitarteko ikus-entzuleen artean; eta % 35,4koa 25 eta 44 urte bitartekoan.

ETB2n ez ezik, ETB ONen ere erakutsi du leialtasuna Conquis komunitateak. Izan ere, astero, batez beste, 60.000 erabiltzailek jo dute EITBren plataformara zegokion atala ikusteko. 300.000 erabiltzaile baino gehiago izan dira atalen bat online ikusi dutenak, eta hiru milioi orduko kontsumoa izan da orotara.

5 hilabete, 44 gertakari eta 3 finalista

Lehiaketa urtarrilaren 12an hasi zen, telebistaren erronka gogorrenari aurre egiteko prest zeuden 31 lehiakiderekin. Hilabete luzeetako ahalegin, neke eta elkarbizitzaren ondoren, hiru finalistak garaipena lortzeko atarian daude. Hori bai: bakoitzak bide propioa egin du abenturan.

Monty (Beasain, 33 urte) protagonista nagusietako bat izan da aurtengo edizioan, bizirauteko erakutsi duen gaitasun apartari esker. Abenturan zehar bederatzi lehia gainditu ditu, eta agerian utzi ere erresistentzia eta ausardia.

Aimar (20 urte, Antsoain) dugu hiru finalistetatik gazteena. Indar fisikoagatik, egoeretara egokitzeko gaitasunagatik eta lehiakortasunagatik nabarmendu da, eta denboraldi honetako lehiakide sendoenetako bat dugu.

Jaiok (Olague, 26 urte)  gehiegi nabarmendu gabe abiatu zuen abentura, urratsez urrats aurrera eginez eta arreta askorik erakarri gabe. Hala ere, astez aste hazten joan da lehian, garaipenerako hautagai sendo izateko beharrezko ezaugarri guztiak dituela erakutsi arte.

g

Publikoaren Faboritoaren Gala, ekainaren 30ean

"El Conquistador" saioaren emozioa ez da asteleheneko final handiarekin amaituko. Biharamunean, Publikoaren Faboritoaren Gala izango dugu, hitzordu oso berezia, XXII. edizio honetako 31 parte-hartzaileak bilduko baitituzte platoan. Julian Iantzik, Lur Errekondok eta Patxi Alonsok aurkeztuta, denboraldiko momenturik onenak errepasatuko dituzte, zuzenean, eta ikus-entzuleen gogokoena nor den deskubrituko dugu. Lehiakide bozkatuenak 5.000 euroko saria jasoko du. 

Horrela bukatuko da "El Conquistador" saioaren 22. edizio hau, orain arteko denboraldi bizi eta zirraragarrienetako bat.