EITB TALDEA
#LoVeo Jardunaldia
'Transformazio digitala Ikus-entzunezko Zerbitzu Publiko Autonomikoetan', EiTBn
EiTB
FORTAk eta EiTBk antolatutako ekitaldian, inguru digital berrira egokitzeaz arituko dira.
Datorren ostegunean, apirilaren 12an, 'Transformazio digitala Ikus-entzunezko Zerbitzu Publiko Autonomikoetan' jardunaldia egingo dute EiTBren Multibox aretoan, 10:00etan. FORTAk (Irrati eta Telebista Autonomikoen Federazioa) eta Euskal Irrati Telebistak antolatutako ekitaldian, inguru digital berrira egokitzeaz arituko dira. Ekitaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, eitb.eus-en.
Topaketa Jesus Lopez Fortako presidente eta CARTV Aragoiko Irrati eta Telebista Korporazioaren zuzendari nagusiak irekiko du. Ondotik, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak 'EiTBren apustu digitala' izango du hizpide.
Halaber, Juan Carlos Etxeberria ETBko albistegietako aurkezlea eta Ramon Salaverria Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko Ikerketa dekanordea kazetaritza digitalaren eta mugikorraren aukera berriei buruz mintzatuko dira.
Berebat, mahai-inguru bat izango da, Juan Carlos Etxeberria bera moderatzaile duela, ikus-entzunezko zerbitzu publiko autonomikoen erronkak garai digitalean aztertzeko, eta honako hauek hartuko dute parte: Alfonso Sanchez, CRTVGren zuzendari nagusia; Brauli Duart, CCMAren presidenteorde eta jarduneko presidentea; Joaquín Duran, RTVAren zuzendariorde eta Canal Sur Radioko zuzendaria; Maite Iturbe, EiTBren zuzendari nagusia, eta Ramon Salaverria, Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko Ikerketa dekanordea.
Jardunaldia Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak itxiko du.
Smartberri sarien banaketa
Ekitaldian, EiTBk, EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin lankidetzan egindako SmartBerri erreportajeen lehiaketaren sariak banatuko dituzte.

