Itxi

EITB TALDEA

Elkarlana

EiTB, Basurtuko ikastetxe publikoarekin lankidetzan

EiTB

Hezkuntza Sailak bultzatutako Magnet-Erakarri ekimenaren baitan, hainbat jarduera egingo dituzte elkarrekin ikastetxea dinamizatu, biziberritu eta prestigioa emateko asmoz.

  • EiTBko ordezkariak Basurto Ikastetxeko haurrekin, kamerak aurrean direla

    EiTBko ordezkariak Basurtuko ikastetxe publikoko ikasleekin. Argazkia: EiTB

Euskal Irrati Telebista eta Bilboko Basurto Ikastetxea lankidetzan ari dira, Hezkuntza Sailak bultzatutako Magnet-Erakarri ekimenaren baitan. EiTBk eta Basurtuko ikastetxe publikoak elkarrekin egingo dituzten jardueren helburua ikastetxea dinamizatzea, biziberritzea eta prestigioa ematea da, eskola bere ingurunean erreferentzia bihurtzeko.

Hartara, gaur (martxoak 6), EiTBko zenbait kidek osatutako ordezkaritza (Andoni Aranburu EiTBren Komunikazio zuzendaria, Marta Alvarez EiTBko Gizarte Erantzukizunaren arduraduna, Nerea Zendoia EiTBko haur edukien koordinatzailea eta Ana Zulueta Euskara Saileko kidea) ikastetxera joan da bisitan, eta Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria izan da horiekin batera. Marian Navarro Basurtuko ikastetxe publikoaren zuzendariak hartu ditu guztiak.

Basurtuko ikastetxe publikoak eurekin itun bat sinatu nahi zuela jakinarazi zion Hezkuntza Sailak EiTBko Zuzendaritzari, proiektu pilotu berritzaile batean lankidetzan aritzeko. EiTBren gizarte-arduraren esparruan bideragarri den lankidetza honetan hainbat gai landuko dituzte.

Helburu nagusia da eskolaren eta EiTBren artean aliantza estrategikoak egitea, Basurtuko hezkuntza proiektua auzoarentzat erakargarria izan dadin. Helburuek hiru ardatz izango dituzte: eskolako ikasleei komunikazio-teknika motibatzaileak ezagutzera ematea, ahozko adierazpena euskaraz garatu ahal izateko; eskolan egindako proiektuak eta ekintzak familiei hobeto aurkeztea, eta, azkenik, hezkuntza proiektuaren kanpo-komunikazioa hobetzea. 

Besteak beste, komunikazio, euskara eta sare sozialen arloan prestakuntza eta laguntza eskainiko dio EiTBk Basurto Ikastetxeari. Halaber, aurreko egunetan bertako ikasleek "3 Ene Kantak" saioaren grabazioan hartu dute parte.

Magnet-Erakarri ekimena

2019-2020 ikasturtea hastearekin batera, Magnet-Erakarri programa jarri du abian Hezkuntza Sailak Euskadiko lau ikastetxe publikotan: Gasteizko Barrutia eta Angel Ganivet ikastetxeetan, Bilboko Basurto Ikastetxean eta Elgoibarko Herri Eskolan. Gizarte-aniztasun handia duten eta zenbaitetan inguruko familientzat erakargarri gertatzen ez diren ikastetxeei zuzendutako ekimena da.

Horrela, ikastetxe horiek dinamizatu eta biziberritzeaz gain, horiei prestigioa ematea da helburua, ospe eta izen handiko zenbait erakunde lagun dituztela. Ikastetxeak, erakunde horiekin batera, beren inguruan erreferentzia izango diren ikastetxe bihurtzeko arituko dira lanean. Ikastetxeak eta erakundeak indarrak batuko dituzte hezkuntza komunitatearen alde. Ikastetxeekin lankidetzan arituko diren erakundeen artean, EiTBrekin batera, Artium Museoa, Makina Erremintaren Institutua (IMH) eta Makina Erremintaren Fabrikatzaileen Elkartea (AFM) daude.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB