EITB TALDEA
eitb.eus inkesta
eitb.eus-ek eta EiTB Nahieranek 7,8 puntu lortu dituzte 10etik
Internautek oso ongi bat eman diete eitb.eus eta EiTB Nahieran atariei sarean egindako inkestan, eta Larraitz Antzizar izan da Garmin Vivoactive 3 smartwatch erlojua eskuratu duena.
-
eitb.eus plataforma desberdinetan
eitb.eus-eko erabiltzaileak oso bisitari fidelak dira, eta webguneko edukiak gustatzen zaizkie, maiatzean egin duten inkestaren arabera. Erdiek baino gehiagok (% 53) egunero edo ia egunero bisitatzen dute webgunea, eta astean bizpahiru aldiz sartzen direnak gehituz gero, % 89 dira.
Edukien interesak bultzatzen ditu gehienbat erabiltzaileak Euskal Irrati Telebistaren ataria bisitatzera: 10etik 7,92 jarri diote esparru horri, eta informazioaren argitasunari, 7,82. Nabigazio-abiadurak ere ia 8 puntu lortu ditu (7,8), eta diseinuak eta publizitateak, berriz, 7,5 eta 6,2, hurrenez hurren.
Puntuaziorik altuena Albisteak atariak eskuratu du, baita profesionaltasunak ere, 8,10 puntu jarri baitiete biei. Kulturako edukiek eta Entretenimendukoek ere, Telebistakoek zein Irratikoek, oso ongi bat atera dute.
Webgunearen ezaugarriei dagokienez, 8,1eko nota jaso du profesionaltasunak, eta 8,01ekoa gertutasunak. Irisgarritasunak 7,92 atera du, eta modernitateak, berriz, 7,6.
Balorazio orokor gisa, webguneak 7,85eko nota erdietsi du, eta EiTB Nahieran atariak 7,78koa. Nahieran zerbitzuan, irrati eta telebistako saioek jaso dute notarik onena (7,87). Aktualitateak, emanaldi bereziek eta kultur alorreko edukiek ere 7tik gorako nota izan dute (7,63, 7,33 eta 7,08, hurrenez hurren).
Sakelakoa eta Google, nagusi
Internautek gailu bat baino gehiago erabiltzen dute webera sartzeko; telefono adimenduna da ohikoena (% 70) eta ordenagailu finkoa da gutxien erabiltzen dena, datuak ehunekotan aztertuz gero (% 24).
Googlek sarrera nagusia izaten jarraitzen du, internauten erdiak (% 47) horrela iristen baitira eitb.eus-era, baina URLa zuzenean tekleatzen duen ehunekoa eta sare sozialen bidez sartzen dena ere oso altua da; % 30 eta % 22, hurrenez hurren.
EiTBko aplikazioei dagokienez, Euskal Irrati Telebistaren aplikazioak lortu du notarik onena (7,8), eta Albisteak ataleko edukiak nagusitu dira edukien artean. Gaztea aplikazioak ere 7tik gora erdietsi du (7,11), eta Hiru3 eta Go!azen haurrentzako aplikazioak oso ongira gerturatu dira, 6,83 eta 6,55 jaso baitute.
eitb.eus-eko inkestan inoiz baino jende gehiagok hartu du parte, 4.739 lagunek, iaz baino bostehun bat gehiagok, eta Larraitz Antzizar irundarrak eskuratu du saria, Garmin Vivoactive 3 Smartwatch erlojua.


