EITB TALDEA
EiTB Maratoia
EiTB Maratoia koronabirusari eskainiko zaio aurten
EiTB
Bildutako dirua osasun arloko ikerketara bideratuko dute, covid-19aren ondorio sozial, sanitario eta ekonomikoak arintzeko helburuz.
"Aurten guztiok gara EiTBren maratoi solidarioaren arrazoia. EiTB Maratoia koronabirusari eskainita egongo da, eta bildutako dirua COVID-19aren ondorio sozial, sanitario eta ekonomikoak arintzera bideratuko da, ikerketa medikoaren bidez", adierazi du Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak EiTB Maratoiaren aurtengo ediziorako aukeratutako arrazoia aurkeztean.
Iaz, EiTB Maratoiak utzi egin zion EiTBren marka izateari, eta guztion marka bihurtu zen, guztientzat irekia eta gizarte osoaren proiektu solidarioa. "Eta eredu aldaketa horrek zentzu berezia hartzen du aurten, covid-19aren aurkako borrokak markatutako urtean", adierazi du zuzendari nagusiak.
Pandemia gauza berria da eta ezin da neurtu; gizarte osoa kolpatzen ari da. Ondorioek osasun arloa gainditu dute, eta krisi ekonomiko, sozial eta emozional batean murgildu gaituzte. Hori dela eta, EiTBk kanpaina solidarioa koronabirusari eskaintzea erabaki du, gizarte osoaren inplikazioa bilatuz.
"Egoera hori gainditzeko jendeak duen indar eta boterean sinesten du EiTB Maratoiak. Eta badakigu elkarrekin eragile sozial indartsua izan gaitezkeela, gehien behar duenari laguntzeko botere miresgarria dugularik", azaldu du Iturbek.
"Iaz, haurren minbiziari buruzko kanpainarekin, euskal gizarte osoak parte hartu zuen ekimen biral batekin, agerian geratu zen herrialde honen eskuzabaltasuna eta inplikazioa", esan du. Elkarrekin gaudenean, gehiago ez ezik, hobeak ere bagara lelopean, EiTB Maratoiak marka guztiak hautsi zituen milioi bat euro baino gehiago bilduz. Gainera, Euskal Herriko txoko guztietatik 50.000 ahotsek baino gehiagok "Lau teilatu" abestu zuten eta Zure Bertsiorik onena ekimenak 1.500 bideo baino gehiago jaso zituen.
Era berean, EiTB herritarren parte-hartzea errazteko eta ideia sinple bat abian jartzeko lanean ari da aurten: "Lau Teilatu"ren antzeko asmo bat, mundu guztiak parte har dezan eta identifikatuta senti dadin. "Aurten erantzuna iaz bezain sendoa izatea espero dugu, bizitza aldatzen ari zaigun birus izugarri honi guztion artean aurre egiteko", ondorioztatu du Iturbek.
Bestalde, Maria Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak adierazi duenez, Osasun Sailak egiten duen lanari emandako laguntza horrek gaixotasunaren ezagutzan sakontzeko balioko du. Ildo beretik, zientzia-komunitateak eta osasun-ikerketako komunitateak egindako lana goraipatu du: "ahalegin guztiak epe ertain eta luzean premia larri eta premiazkoetara bideratzeko gai izan baita". Aguirreren ustez, ikertzaileen komunitatearen lana funtsezkoa izan da, "ez baikenuke erreakzionatzeko gai izango, egiten ari garen bezala, ikerketa- eta enpresa-komunitate hori izan ezean".

