Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

EITBPODKAST

Harpidetu eta entzun "Urratsa" euskarazko mindfulness podcast berria

EITBMEDIA

EITBpodkast atarian ez ezik EITBren Youtube kanalean ere egongo den meditazio gidatua egiteko podkasta da; 15 minutu inguruko iraupena izango duten 12 kapituluz osatua dago lehen denboraldia.

  • "Urratsa" podkastaren irudia

    "Urratsa" podkastaren irudia

"Urratsa"meditazioa, erlaxazioa eta mindfulnessa ardatz nagusi dituen euskara hutsezko podcast berria estreinatuko du EITBk gaur, irailak 13. Naomi Mendizabalek gidatutako bideo-podkastak 15 minutuko 12 atal izango ditu. EITBpodkast atarian argitaratuko dira astelehenero atalok, eta EITBren Youtube kanalean ere egongo dira eskuragai. 

Astero, gure bizimoduetan sortzen diren behar ezberdinei eskainitako gai bakarreko kapitulua hedatuko du Naomi Mendizabalek: lo geratzeko laguntza; dolua gainditzeko erlaxazio saioa; kirola egiteko kontzentrazioa; haserrea lasaitzeko teknikak; estresa gutxitzeko ariketak eta abar. 

Biziraupena aisa bermatzeaz haratago, erosotasuna gozatzeko fortuna ere badugu gure gertuko gizarte honetan. Hala ere, askok eta askok, estresa, antsietatea, depresioa, eta bihotz askotan, ezinegon eta barne-barneko hutsune bat pairatzen dute sarri. Gainera, egungo pandemiak eragindako osasun, gizarte zein ekonomia krisi garaiotan, aipaturiko gaitzak eta antsiak areagotu egin dira. 

Naomi Mendizabalek gidatzen du 'urratsa' podcasta

Naomi Mendizabalek gidatzen du 'urratsa' podcasta

Naomi Mendizalek osasun emozionalari eta mentalari erreparatuko dio astero. Podcast hau, erlaxazio sakoneko minutu batzuk oparituko dituen barne-hazkunderako txokoa izango da; egunero norberarentzat tarte bat hartu eta energiak hobeto bideratzeko arnasgunea, alegia. 

Musikaren, ahots gidatuaren eta arnasketaren bitartez, norberak dituen helburuak lortzen laguntzeko eta gure kontzientzia eta presentzia hemen eta orain kokatu dadin, bisualizazioaren eta meditazioaren indarra garatzeko tresnak eskainiko dituzte. 

Egunaren hasieran, nork bere burua prestatua izateko; egunaren amaieran, gertakarien eta emozioen balantzea egiteko; haurrak ikastolatik jaso aurretik, indarrak berritzeko; bilera garrantzitsu baten atarian, urduritasunak uxatu eta kontzentrazioa lortzeko; besterik gabe, meditazioa eta erlaxazioan sakontzeko… Pertsona adina erabilera izan ditzake "Urratsa" podcastak eta bakoitzak bere erritmo, bizipen eta egoeraren arabera baliatuko ditu. 

Naomi Mendizabal izango da "Urratsa" podcastaren gidaria. Duela 30 urte jaio zen Kanariar uharteetan, eta Getarian hazi eta hezi egin da. Txikitatik liluratu izan du komunikazioak, izan idatzia, ahozkoa, keinu bidezkoa… hori dela eta ikus entzunezko komunikazioko ikasketak egin zituen Bilbon. Bizitzak, aldiz, beste bide batetik eraman du, izan ere, beste praktika batzuetan  topatu baitu bere lengoaia pertsonala. Bere lan profesionala yoga, meditazioa eta pilates diziplinen onurak zabaltzea eta elkar banatzea da; bere lan pertsonala, aldiz, jarduera hauengandik ikasitakoa barneratzea eta bere bizimoduan aplikatzea.

EITBPODKAST

EITBPODKAST