EITB TALDEA
CIRCOM Regional 2023
EITBren eskutik Donostian egingo den CIRCOM Regional biltzarrean izena emateko epea zabaldu da
EITB Media
Europako Zerbitzu Publikoko Eskualde Hedabideen elkarte profesionalaren aurtengo konferentzia ekainaren 1ean eta 2an egingo da Kursaal Jauregian. Inskripzioak apirilaren 25era arte egin ahal izango dira.
-
CIRCOM Regional elkartearen urteko konferentzia Donostian izango da aurten
CIRCOM Regional Europako Zerbitzu Publikoko Eskualde Hedabideen elkarte profesionalak zabaldu du epea Donostian ekainaren 1ean eta 2an egingo duen urteko konferentzian bere kideek izena eman dezaten. Hala, apirilaren 25era arte egin ahal izango dituzte inskripzioak CIRCOMekin lortura duten hedabideetako kideek. EITB Taldearekin batera antolatzen ari da antolatzen 39. biltzarra.
Iazko maiatzean Irlandako Galway hirian egindako kongresuan iragarri zuen CIRCOM Regionaleko hurrengo topaketaren egoitza Euskadi izango zela. Ordutik, EITBrekin elkarlanean ari da hitzordua prestatzen. Azaroan elkarteko Batzorde Betearazleak (Executive Committee) eta Europako Kontseiluak (European Board) Donostiara egindako bisitan zehaztu zituzten bi aldeek lan ildo nagusiak.
Kursaal Jauregian egingo den biltzarrak telebista publiko europarretako 250etik gora ordezkari bilduko ditu. Jardunaldiaren hasieraren bezperan, maiatzaren 31n, arratsaldean, harrera egingo zaie parte hartzaileei Miramar Jauregian. Topaketak norbere esperientziak kontatu eta besteenak entzuteko parada eskainiko die; ezagutu, eztabaidatu, ikasi, partekatu, zabaldu… Euren arteko lankidetza sustatu eta garatzeko aukera ezberdinak izango dituzte.
Helburuan artean daude, halaber, Europako ikus-entzunezko sare honetako kideen artean programak koproduzitzea eta trukatzea, eta kazetarien eta teknikarien lanbide-heziketa indartzea. Ildo horretan, maiatzaren 28tik 30era, hogei bat profesional batuko dira CIRCOMek antolatutako prestakuntza saioetan, Donostiako Tabakaleran.
Kursaaleko jardunaldietan, ekainaren 1ean eta 2an, urtero bezala, gai giltzarriak eta aktualitatezkoak jorratuko dituzte, hala nola, kazetaritzarekin, eraldaketa digitalarekin, zerbitzu publikoarekin edo publiko gazteenengana hurbiltzearekin zerikusia dutenak. Halaber, Prix CIRCOM Regional sariak banatuko dira Tabakaleran ekainaren 1ean. 2022an, hain zuzen, EITB Mediako bi saiok, "Abiapuntua"k eta "Aquí y Ahora"k, sari bana jaso zuten Europako epaimahaiaren eskutik Minorities in society eta Investigative journalism kategorietan, hurrenez hurren.
Ostiralean, ekainaren 2an, behin jardunaldiak bukatuta, txangoa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek, eta, esaterako, Chillida Leku eta Balenciaga museoetara egingo dute bisita.

