Itxi

EITB TALDEA

Ospakizuna

Entzuleei irekitako programazioa berezia, Radio Euskadiren 40. urteurrenean

EITB MEDIA

1983ko martxoaren 31n hasi zituen Radio Euskadik bere lehenengo emisioak. 40 urteko historia ospatzeko, emanaldi bereziak egingo ditu Radio Euskadik egunean zehar EITBren Bilboko egoitzako harrera nagusitik. Gainera, ateak zabaldu dizkie bertan egon nahi duten entzuleei.

0:42
Radio Euskadiren urteurrena. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Martxoaren 31n 40 urte bete dira Radio Euskadiren emisioak hasi zirenetik. Urteurrena ospatzeko, EITBren Bilboko egoitzako halletik emitituko ditu Radio Euskadik eguneko saio nagusienak, publikoarekin.

Hala, 08:00etatik aurrera, "Boulevard" berezia egin dute Xabier Garcia Ramsdenek eta bere lantaldeak, eta kolaboratzaile ezagunenak hartuko dituzte set berezian. Bertatik ari dira, halaber, Iñigo Lejarzaren "La Terraza", Cesar Perez Gazolazek gidatutako "Kirolaldia" eta "Kultura.eus" Galder Perezen eskutik. 

Arratsaldean, berriz, "Distrito Euskadi" programak bidaia berezia egingo du lau hamarkada hauetako une garrantzitsuenetako batzuetan zehar. Horretarako, lehen mailako gonbidatuak izango ditu Iratxe Celisek.

Urte hauetan mikrofonoen aurrean protagonista izan direnekin ere elkartu dira eta, hala, mikrofono horietara itzuliko dira, goiz batez, irratiko ahots ezagunenetako batzuk: Xabier Lapitz, Dani Álvarez, Kike Martín eta Almudena Cacho, adibidez.

Gainera, bertaratutakoek opari esklusibo bat eramango dute etxera: 40. urteurreneko katilua.

Emisioa streaming bidez jarraitu ahal izan da Radio Euskadiren webgunean.

Radio Euskadiren historia

1983ko martxoan, jarri zen abian Radio Euskadi Bilboko Kale Nagusiko 85. zenbakiko  egoitza zaharrean. Ordutik, ez dio munduari konektatua egoteari utzi, eta garaian garaiko gizartera egokitu da, entzuleen leialtasuna galdu gabe. Azkeneko lau hamarkada hauetan euskal gizartea asko aldatu da, baita irratiko profesionalen lan egiteko modua ere. Aldaketa hauek, ordea, gizartearen erritmora eman ditu irratiak, entzuleen leialtasuna galdu gabe, eta haiekin batera aldatuz.

Aurreko garaiak

Radio Euskadiko historia hurbilenaz gainera, ezin da ahaztu irratiaren aurreko garaiak. 1936ko irailean hasi zituen emanaldiak, Itziarko baserri batetik. Gipuzkoako fronteak porrot egin zuenean, Getxoko Galeara joan ziren. Zabaldutako lehen mezuen artean, Gernikako bonbardaketaren salaketaz aritu ziren 1937ko apirilean.

1937ko udan, euskaldunak erbeste luze bat hasiko dute. Radio Euskadi Bartzelonan finkatuko da.Bigarren Mundu Gerrako aliatuen garaipenaren ondotik, berriz, Radio Euskadiren emanaldiak Iparraldetik eskainiko dira. 1946tik 1954era aritu ziren han. Francoren Diktaduraren nazioarteko isolamendua amaitu zenean, Frantziako gobernuak, Mitterrand ministro zela, irratia itxi zuen. Hamar urte pasako dira, Venezuelatik berriro emititzeko aukera izan arte 1965tik eta 1977ra Radio Euskadi "Euskal erresistentziaren ahotsa" bihurtuko da. Estudioak Caracasen zeuden eta emisorea oihanaren erdian, Txalupa izenez ezagutzen zuten, Noruegako fiordoetatik emitituko balute bezala ari baitziren.

1982an Gernikako Estatutua onartzearekin, Euskal Irrati Telebista sortu zen. Urte horretako azaroan, Euskadi Irratiko lehen emanaldia hasi zen. Bost hilabete beranduago, 1983ko martxoaren 31an uhinetara jauzi egin zuen Radio Euskadik Bilboko Kale Nagusiko estudioetatik. 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB