Itxi

EITB TALDEA

Pantaila eta tickerra

EITBren zerbitzu digitalen aro berriaren erakusgarri da Bilboko egoitzako fatxada

EITB MEDIA

Azken orduko albiste ticker zerbitzu berri eta ikusgarria jarri da EITBren Bilboko egoitzako fatxada nagusian. Astelehenetik ostiralera 07:00etatik 23:00etara egongo da martxan; asteburuetan, berriz, 08:00etatik 23:00etara. Pantaila erraldoi bat ere kokatu da bertan

0:39
Bilboko egoitzaren fatxada. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Asteazken honetan, ekainak 28, jarri dira martxan pantaila erraldoia eta albiste ticker zerbitzu berria EITBren Bilboko egoitzako fatxada nagusian. EITBren zerbitzu digitalen aro berriaren lehen urratsa dira.

Tickerrean uneoro eskainiko dira azken orduko 5 albiste nagusienen titularrak, euskaraz zein gaztelaniaz. Izan ere, informazioan lider izaten jarraitzeko asmoarekin, eta zerbitzu publikoarekin duen konpromisoari jarraituz, zerbitzu digitaletan aurrera pausoa berria eman nahi du EITBk, publiko eta kontsumo berrietan oinarrituta.

Hain zuzen ere, estrategia honi erantzuten diote datozen hilabeteotan martxan jarriko diren Primeran entretenimendu plataforma, umeentzako Makusi plataforma, Guau: gure audioa plataforma eta Orain izeneko informazio-zerbitzu digital berria. Zehazki, albisteen etengabeko eskaintzari bideratutako egongo da Orain, kontsumo modu, narratiba eta publiko berriak oinarri hartuta, eta bereziki gazteen informazioan arreta jarrita.

EITBren fatxada nagusian kokatutako tickerrak 40 metroko luzera du, eta pantaila berriak, berriz, 12 x 6 metro. Lehen egunetan Gran Depart Pays Basque-ren edukiak zabalduko ditu pantaila eta, gerora, EITBrekin zerikusia duten irudiak proiektatuko dira, baita zerbitzu publikoko informazioa ere, era erakargarri batean.

Astelehenetik ostiralera 07:00etatik 23:00etara egongo da martxan zerbitzu berri hau. Asteburuetan, berriz, 08:00etatik 23:00etara.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea