EITB TALDEA
Grand Départ Pays Basque 2023
Hasiera bikaina eman dio EITBk Grand Départ Pays Basqueri, Tourreko taldeen aurkezpena munduko osora zabalduta
EITB MEDIA
EITB 'media partner' da Tourraren Euskal Herriko hiru etapetan, eta zuzenean eta osorik eskainiko ditu larunbatean, igandean eta astelehenean. ETB1eko "On Tour" saio berezian izango da, 12:00etatik 18:30era.
Hasiera bikaina izan du Grand Départ Pays Basque 2023 ekimenak Bilbon, eta hasiera bikaina izan da EITBrentzat ere. Izan ere, EITBk ekoitzi du 2023ko Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala, eta Xabier Usabiaga ETBko kazetariak gidatuta, munduko 200 telebista baino gehiagotara zabaldu du seinalea, baliabide tekniko eta lantalde zabalaren lanari esker. Goi-mailako hedatze plana prestatu du EITBk egun hauetarako: 200 profesional baino gehiago arituko dira lanean, horien artean, 40 kameralari eta 50 kazetari baino gehiago. Gainera, 13 unitate mugikor erabiliko dira bost egunetan EITBren emanaldi bereziak eskaintzeko. Nabarmentzekoa atzoko datua: bost unitate mugikor aritu ziren lanean, taldeen aurkezpen ekitaldia eta zuzeneko hiru saio berezi egiteko.
Gran Départ Pays Basque 2023 hasi baino ez da egin, baina. Tourrak Euskal Herrian egingo dituen hiru etapen karietara, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak ere kalera aterako dira: gaur, Bilboko Deustuko Unibertsitateko kanpoaldean kokatuko den EITBren set berezitik egingo dira eguerdiko zein gaueko saioak; larunbatean eta igandean, berriz, gaueko edizioak egingo dituzte kaletik, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko terrazatik eta Baionatik, hurrenez hurren.
Bestalde, uztailaren 1, 2 eta 3an, "On Tour" saio berezia eskainiko du ETB1ek 12:00etan hasi eta 18:30era arte, lasterketaren zuzeneko emanaldia eta ondorengo analisia egiteko. Alabaina, "Gaur Egun" albistegia eskaintzen den ordubeteko tartean (14:00-15:00) ETB2ra egingo du jauzi emankizunak. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak, Pedro Mari Goikoetxeak eta Alfonso Arroiok gidatutako saiotik gonbidatu bereziak pasako dira egunero. Horietako asko Tourrarekin lotura duten txirrindulari ohiak izango dira. Haien balentriak gogora ekarriko dituzte eta EITBren omenaldi xumea jasoko dute. Larunbateko "On Tour" saioa Bilbotik egingo da, igandekoa Donostiatik eta astelehenekoa Baionatik.
Baionan izango da, halaber, "Biba Zuek!" saioa astelehenean, Tourra ardatz hartuta.

