Itxi

EITB TALDEA

PRIMERAN

'Imanol: Azken Kontzertua' dokumentalaren estreinaldia, PRIMERAN plataforman

EITB MEDIA

Javier Gutiérrezek zuzenduta, Imanol Larzabal musikaria omentzen du lanak. Senideek, lagunek, eta hainbat musikari eta artistek Imanol pertsonari egiten diote aitortza, testigantza eta musika-emanaldien bitartez artista ere aldarrikatuz.

1:26

Ostiral honetan, urriak 6, Imanol: Azken Kontzertua dokumentala estreinatuko du PRIMERAN euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma berriak. Javier Gutiérrezek zuzenduta, Imanol Larzabal musikaria omentzen du filmak. On Time Ekoizpenak ekoiztetxearen lana da, EITBren parte-hartzearekin, eta Iñigo Kintana dugu errealizadorea eta muntatzailea. Bertan, senideek, lagunek, eta hainbat musikari eta artistek Imanol pertsona omentzen dute, testigantza eta musika-emanaldien bitartez artista ere aldarrikatuz.

Streaming plataforman estreinatu aurretik, asteazken honetan bertan, dokumentalaren aurrestreinaldia izango da Bilboko Sala BBK aretoan. Musika eta kultura munduko ordezkariak izango dira bertan, baita Imanolen senideak ere. Emanaldiaren aurretik, gainera, Petti bakarlariaren musikaz gozartu ahal izango da, zuzenean.

Imanol: Azken Kontzertua

Imanolen historia kontatzeko hainbat testigantza bilduko dituzte: hala nola lanbidetik jaiotako lagunarena (Amaia Zubiria), gaztaroko konplizearena (Joseba Sarrionandia) eta erbestealdiko anaiarena (Paco Ibañez). Haien ahotik entzungo ditugu haur handi bat, gizon ona eta kantautore onaren prototipoa zela. Istorio kontatua bakarrik ez, kantatua ere bada ikus-entzunezko lan hau, Imanolen abestiak Olatz Salvador, Mikel Urdangarin eta Fakirraren beraren ahotsean entzungo baititugu. Arrakastaren eztia dastatu ostean, beti maite izan zuen herrialdetik erbestera joan beharra pairatu zuen artista nomadaren bizitzari errepasoa. Inoiz itzaliko ez den ahotsaren azken kontzertua.