EITB TALDEA
EITB euskal kirolarekin
"Geldiezinak" erreportaje eta podcast sorta aste honetan estreinatuko da EITBn
EITB MEDIA
Basque TEAM Fundazioaren egitasmo honen bitartez euskal kirolaren historian nabarmendu diren emakumeak ezagutzeko aukera izango dugu. Ibone Belaustegigoitia igerilariari eskainitako lehen atala entzungai dugu gaurdanik EITBPodkast atarian eta igandean eskainiko da ETB1eko "Helmuga" saioan.
-
Ibone Belaustegigoitia. Argazkia: "Geldiezinak" (Basque TEAM)
Euskal Herriko emakume kirolariez Basque TEAM Fundazioak, EITBren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, gauzatu duen "Geldiezinak" erreportaje eta podcast sorta estreinatuko dira aste honetan EITBn. Ibone Belaustegigoitia igerilaria, Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen lehen emakume euskalduna, izango da lehen protagonista. Haren ibilbidea biltzen duen podcasta dagoeneko entzungai dago EITBPodkast atarian, eta erreportajea, berriz, igandean izango dugu ikusgai ETB1eko "Helmuga" saioan.
Ibone Belaustegigoitia ("Geldiezinak" / Basque TEAM)
EITBk eta Basque TEAM Fundazioak ibilbide luzea daramate elkarlanean, goi mailako euskal kirola babesten. Oraingo honetan, euskal kirolaren historian nabarmendu diren emakumeen lana eta lorpenak balioan jartzeko egitasmoa jarri dute abian. Modu horretan, belaunaldi berrientzako erreferenteak sortu nahi dituzte, eta emakumeen kirola sustatu.
Hainbat arlotako kirolarien ibilbidea erakutsiko du "Geldiezinak" egitasmoak: Maialen Chourraut, Maider Unda, Edurne Pasaban, Ainhoa Ibarra, Ainhoa Murua, Eli Pinedo, Almudena Cid, Leire Olaberria, Maider Telleria, Sara Carracelas, Karmele Gisasola, Nerea Arruti, Alazne Etxaburu…

