Itxi

EITB TALDEA

Aliantza

Euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko hitzarmena sinatu dute UEMAk eta EITBk

EITB

Akordioaren arabera, UEMAko kide diren udaletako zinema-aretoetan edota emanaldi publikoetarako aretoetan PRIMERAN plataformako eduki zehatzak eskaintzeko aukera izango dute udalek. Horri lotuta, "Irabazi Arte!"ren 4. denboraldiko lehen atala eskainiko dute 92 herritako zinemetan eta aretoetan.

  • UEMAko eta EITBko ordezkariak, ekitaldian

    UEMAko eta EITBko ordezkariak, ekitaldian

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta EITBk elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, lehen aldiz. Udalerri euskaldunetan euskarazko ikus-entzunezkoak areago zabaltzea da helburua, eta bi aldeen artean horretarako moduak zehaztu dituzte gaur goizean EITBren Miramongo egoitzan egin duten agerraldian. Bertan egon dira, besteak beste, Martin Aramendi UEMAko lehendakaria eta Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria.

Hitzarmenaren arabera, UEMAko kide diren udaletako zinema-aretoetan edota emanaldi publikoetarako aretoetan, PRIMERAN plataformako eduki zehatzak eskaintzeko aukera izango dute udalek, doan, beti ere 3000 biztanletik beherako herrietan. UEMAk eta EITBk adostuko dituzte edukiak, gero udalei helarazteko, eta udaberriaren hasieran prest egongo da eskaintza.  Azaroan, "Go!azen" telesailaren 11. denboraldiko lehen atala estreinatu zuten UEMAko kide diren 80 herritan, arrakasta handiarekin; eta, bihartik aurrera, berriz, "Irabazi Arte!" telesailaren 4. denboraldiko lehen atala eskainiko dute UEMAko kide diren 92 herritako zinemetan eta aretoetan. Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza ezagutarazi eta hauspotu nahian, EITBren PRIMERAN eta MAKUSI plataformak sustatuko ditu UEMAk udalerri euskaldunetan.

Sinadura

Gaurko agerraldian, bi aldeak pozik agertu dira hitzarmenak milaka herritarren kultur kontsumoan izango duen eraginagatik. Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak lankidetza-hitzarmen honen garrantzia azpimarratu du. "EITBren helburua da euskal ikus-entzunezko edukien kontsumoa bermatzea, eta UEMA bidelagun ezin hobea da xede hori lortzeko. Une honetan, gure ahalegina bideratu dugu kontsumo berriak dauden lekuetan euskara bermatzera. Asmo horretatik sortu dira PRIMERAN eta MAKUSI streaming plataformak, eta joan zen astean aurkeztu genuen GUAU audio plataforma. Zehatzago esanda gainera, estrategia honetan, euskal gazteak erdigunean daude. Hortaz, gure fikzioak eta edukiak zabaltzearekin bat, gure plataforma berrietara gazteak eta ikus-entzuleak oro har erakartzeko ere, elkarlan garrantzitsua da UEMArekin abiatu duguna".

c

UEMAko lehendakari Martin Aramendik nabarmendu duenez, "udalen eta eskolen eskaera zehatzetatik heldu gara hona. Izan ere, eskola eta udal askok kezka handia agertu dute azken urteotan ikus-entzunezkoek haur eta gazteen hizkuntza-ohituretan duten eraginagatik, eta egora bideratzeko neurriak eskatu dizkigute".  Bi urte hauetan urrats garrantzitsuak eman direla azpimarratu du UEMAk, tartean EITBk martxan jarritako PRIMERAN, MAKUSI eta GUAU plataformak aipatuta. "Argi dago hirurek eragingo dutela euskaldunen ikus-entzunezkoen kontsumoan. Hori da bidea, eta EITB zoriondu nahi dugu hiru plataforma horiek abiarazteko eta elikatzeko egindako lanagatik", gaineratu du Martin Aramendik.

x