Itxi

EITB TALDEA

Konferentzia

Hasi da INPUT 2025 nazioarteko konferentzia Bilbon, EITBk antolatuta

EITB Media

Euskalduna Jauregian bertan egin zieten atzo harrera Unai Iparragirre ETBren zuzendariak eta Judy Tam INPUTen presidenteak parte-hartzaileei.

  • INPUT 2025 nazioarteko konferentzia hasi da. Argazkia: EITB

    INPUT 2025 nazioarteko konferentzia hasi da. Argazkia: EITB

EITB anfitrioi dugu atzotik Bilboko Euskalduna Jauregian egiten ari den INPUT telebista publikoen eta programen sortzaileen erakundearen nazioarteko konferentzian. Mundu osoko 300 profesional baino gehiago etorri dira gaurtik asteazkenera bitarteko lansaioetan parte hartzera. Telebista publikoaren mugak eztabaidatzea eta horiei aurre egitea izango dute helburu.

Euskalduna Jauregian bertan egin zieten atzo harrera Unai Iparragirre ETBren zuzendariak eta Judy Tam INPUTen presidenteak parte-hartzaileei. Gaur arratsaldean, EITBren egoitzara bisita egiteko aukera izango dute, eta bihar, lansaioen ostean, Input Midweek Party festa ospatuko dute Guggenheim Museoan, 19:30etik aurrera. Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak, Judy Tam INPUTen presidenteak eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburuak parte hartuko dute bertan.

Igandetik asteazkenera egingo dituzte jardunaldiak. Goizetan, 10:00etan, hiru lansaio egingo dituzte aldi berean, eta, arratsaldeetan, 15:00etan, beste horrenbeste. Orotara, parte hartzen duten telebistetatik 72 formatu edo programarik onenak aukeratu dituzte, eta horiek gaika ikusi eta eztabaidatuko dituzte. Munduko hainbat herrialdetatik etorritako 12 moderatzaileen esku egongo dira lansaioak.

Komunikabideen sortzaileentzako galdu ezinezko kongresua da INPUT, zerbitzu publikoko ekoizpen berrien hausnarketa sakon eta profesionalera bideratzen dena. Hala, EITBk bi hizlari izango ditu nazioarteko konferentzia honetan: Unai Iparragirre ETBko zuzendariak TV That Matters–How ETB Uses Factual Content to Make a Difference hitzaldia eskainiko du asteartean, 11:00etatik 12:00etara. Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendaria, berriz, astelehen arratsaldeko saioetako batean arituko da, PRIMERAN plataformako hiru ekoizpen hizpide: "Krimenak" dokumental saila, "Itsatsita Berriz" fikzio musikala eta ETSren kontzertuaren emanaldia.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB