Itxi

EITB TALDEA

Ekainak 22

20 euskal talde eta bakarlaritik gora ariko dira Tabakaleran, Gaztea Musikaren Egunaren lehen edizioan

EITB Media

Gorka Urbizu, Izaro, Olaia Intziarte, Toc, Bengo, Janus Lester, Zea Mays, La Txama, Merina Gris, Dupla, Malko, Zilibito Records, Sukena, Idoia, Olatz Salvador, Mikosis, Txopet, Hofe, Ezezez, Ezpalak eta Maskak ariko dira doan ekainaren 22an.

  • Ainara Guzman, Edurne Ormazabal, Mikel Unamuno, Janus Lester eta Maddi  Arana, aurkezpen ekitaldian

    Ainara Guzman, Edurne Ormazabal, Mikel Unamuno, Janus Lester eta Maddi Arana, aurkezpen ekitaldian

Musikaren Europako Egunaren biharamunean, ekainaren 22an, igandez, euskal musikariei omenaldia egiteko Gazteak musika festa handia antolatu du Donostiako Tabakaleran, Gaztea Musikaren Egunaren lehen edizioa. Euskal sortzaileek azken urtean eman duten guztiak gozatzeko aukera izango da, udari ongietorria emango dion jai handian. 3.500 pertsona inguru izango dira egunean zehar, espazio ezberdinetan.

11:30ean hasiko da lehen zuzenekoa; eta 22:00etan, berriz, azkena. Honako hauek parte hartuko dute: Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, IZARO, Idoia, TOC, Zea Mays, Olatz Salvador, Janus Lester, Merina Gris, Bengo, Hofe, La Txama, Ezpalak, Dupla, Kiliki, EZEZEZ, Sukena eta Maskakek. Hogeita hamar minutuko zuzenekoak eskainiko dituzte, Tabakaleran zehar banatutako Patioa, Prisma, Kutxa Fundazioa Kluba eta Nabe 2 aretoetan.

Aipatutako talde gehienek bandarekin joko duten arren, batzuek Musikaren Egunerako propio prestatutako akustikoa eskainiko dute. Gainera, Prismako DJen oholtzan maKeda, ALTA, Euskoprincess eta Lamia Mari arituko dira.

Zuzenekoen kartela

Zuzenekoen kartela

Musikaren Eguneko gonbidapenak ordu gutxitan agortu ziren; baina, bertaratzerik ez dutenek, kontzertuak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute Gaztearen YouTubeko kanalean.

Musika saioen osagarri, irratia zuzenean eta solasaldiak ere izango dira: Gazteak zuzeneko irratsaio berezia egingo du Tabakaleratik. Gainera, Ainhoa Vitoriak eta Sara Alonsok zuzenean grabatuko dute denboraldiko azken "Bitan" saioa.

Saio bereziez gain, Musika Bulegoarekin antolatutako bi solasaldi egongo dira. Lehenengoan, Eneritz Furyak eta DJ Ines gorputza lehen lerroan jartzeaz arituko dira, Oihana Aranaren gidaritzapean. Bigarrenean, ostera, Formatu handia vs. Formatu Txikia. Kontzertuak ikuspegi askotatik egiteko artea izango da gaia. Galder Beramendik gidatuta, gaiaz arituko dira Amaia Ispizua (GET in), Julen Caminos (Bidean Produkzioak) eta Dupla musikariak.

Gazteak Kutxa Fundazioa, Musika Bulegoa, Tabakalera eta Dabadabarekin elkarlanean antolatu du Musikaren Eguna 25, Kutxabank, Gipuzkoa Kultura, Donostiako Udala, Gazteaukera eta IHOBE erakundeen babesarekin.