Albisteak

Egitaraua

Hesian, Coque Malla eta Zea Mays, Mungiako festetan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Rural Zombies, Revolta Permanent, Oxabi eta Garilak 26 ere aterako dira agertokira, ekainaren 28tik uztailaren 7ra, Bizkaiko aipatu udalerriko jaietan.

Hiru aste baino gutxiago falta dira udan sartzeko, eta Euskal Herriko hainbat udalerri ari dira dagoeneko jaietako egitarauak ixten. Azken egunotan Bizkaiko zenbait festetako kontzertuak iragarri dituzte; besteak beste, Santurtzikoak, Sestaokoak eta Zornotzakoak. Halaber, sanferminetan egongo diren zuzenekoen berri eman zuten joan den astean, eta gaur jakin dugu Mungiak ere prest duela San Pedro festetako egitaraua.

Ekainaren 28an hasi eta uztailaren 7an bukatuko dira jaiak. Lehenengo egunean Hesian eta Oxabi izango dira taula gainean protagonistak. Lehenak Foruen Plazan joko du; Oxabik, ostera, txosnetan.

Hurrengo egunean, Rural Zombies taldearen emanaldia hitzartu du txosna batzordeak, eta hilaren 30ean Coque Mallaren (Foruen Plazan) eta Garilak 26ren (txosnetan) txanda izango da.

Hurrengo asteburuan, hots, uztailaren 6an, Zea Maysen kantuak entzungo dira txosnetan. Leku berean, Revolta Permanent taldea arituko da hilaren 7an.