Gaztea

Gaztea Sariak

Zea Mays, Olaia Inziarte, Merina Gris, Willis Drummond eta Vulk, urteko diskorik onenaren sarirako izendatuta

B. F. | EITB Media

Martxoaren 2an banatuko ditugu sariak, 19:30etik aurrera, Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.

  • Gaztea Sariak 2023: Disko onena

    Gaztea Sariak 2023: Disko onena

Hasi gara 2023ko Gaztea sariak jasotzeko izendatuen zerrenda iragartzen.

Disko onenaren kategorian, honakoak dira bost izendatuak: Zea Maysen Adore, Kemena, Kuraia, Olaia Inziarteren Lehengo lepotikan burua, Merina Grisen Zerua Orain, Willis Drummonden hala ere eta Vulken Vulk Ez Da.

25 urteko ibilbidearen bira bukatuta, Zea Mays bizkaitarrek 2022ko azaroan aurkeztu zuten euren azken diskoa. Bertan auki daitezkeen harribitxien artean, Doctor Deseoren "Corazón de Tango" klasikoaren bertsio gaurkotua dago.

Olaia Inziarteren estreinako lan luzea da Lehengo lepotikan burua. Nafarrak ekin dio dagoeneko diskoaren aurkezpen birari.

2022ko martxoan izan genuen Merina Grisen Zerua Orain izeneko lehen LPa entzuteko aukera. Donostiako Dabadaba aretoan aurkeztu zuten, sold outa eginda. Ordutik, Euskal Herriko zein nazioarteko plazetan ikusi dugu hirukoa.

Willis Drummonden zazpigarren estudioko lana da hala ere. Taldearen ohiko egiturari laugarren kide bat, Vincent Bestaven, batu zaio azken disko honetan. Zuzenean grabatu zuten lana, estudioan gertatzen zen guztia harrapatzeko asmoz.

Urte hasierako diskorik goratuenetarikoa izan zen Vulk taldearena. Albuma publikatuta, "Vulk Ez Da" izeneko ikus-entzunezko pieza grabatzeko aukera suertatu zitzaien. Hiru bideotan, "erdi zuzenekoa, erdi dokumentala" den produktua osatu zuten, eta Zinebi jaialdian aurkeztu.

Nola bozkatu

Otsailaren 13tik aurrera izango duzue gustuko artista berri onenaren aldeko botoa emateko aukera, Gaztearen webgunean.

Gaztea Sariak 2023

Garaikurren banaketaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da, ETS eta Süne, Sua, Neomak eta Merina Gris taldeekin. Galan zehar joko dute taldeek, gau berezirako propio prestatutako ikuskizunak eskainiz.

Sariak banatuta eta gaua ixteko, Bulego taldearen kontzertu berezia egongo da.

Egun horretan Euskaldunara joateko modurik ez dutenek izango dute etxetik ikuskizunaz gozatzeko aukera, 2023ko Gaztea sariak emateko ekitaldia streaming bidez ikusi ahalko baita, Gaztearen YouTube kanalean. Gainera, irrati bidez jarraitzeko aukera ere izango da.