Gaztea

Gaztea Sariak

ETS, IZARO, ZETAK, Verde Prato eta Bulego, artista edo talde onenaren sarirako izendatuta

B. F. | EITB Media

Martxoaren 2an banatuko ditugu sariak, 19:30etik aurrera, Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.

  • Gaztea Sariak 2023: Talde edo artista onena

    Gaztea Sariak 2023: Talde edo artista onena

Hasi gara 2023ko Gaztea sariak jasotzeko izendatuen zerrenda iragartzen.

Talde edo bakarlari onenaren kategorian, honakoak dira bost izendatuak: ETS, IZARO, ZETAK, Verde Prato eta Bulego.

ETSren "Sumendiak" eta "Abuela Maitea" abestiek 2022a markatu dute. Guretzat izeneko diskoa estreinatuta, zuzenekoz lepo dute urtea, eta dagoeneko sarrera guztiak saldu dituzte Euskal Herriko kontzertuetan.

ZETAKen urtea ere izan da 2022a. Erramun Martikorenarekin egindako "Itzulera" eta Bomba Estereorekin egindako "Zoriontasuna La Vida Es de Verdad" izan dira taldearen urteko hitak.

Duela egun batzuk esan zion agur IZARO mallabitar artistak bere limoi preziatuen birari, 116 kontzertu emanda. Madrilgo Price zirkua lepo bete zuen, sona handiko artistaz inguratuta. Orain, Izarok berak iragarri duenez, kanta berriak sortzeko geldiunea egingo du.

Verde Pratok ere izan du zer ospatua. Apirilean, euskarazko disko onenaren Espainiako Musika Independentearen (MIN) saria irabazi zuen, Kondaira eder hura diskoari esker. Tolosar artistaren estreinako EPa da aipatutakoa.

Bulegok lepo bete ditu Euskal Herriko zein kanpoko plazak, eta dokumental batean bildu: 'Gure bizitzako lehen bira'. 2023 hasierarako, 'nortasuna eta jarrera tour' delakoari ekingo diote Bergaran, Portugaleten eta Durangon.

Nola bozkatu

Otsailaren 13tik aurrera izango duzue gustuko artista berri onenaren aldeko botoa emateko aukera, Gaztearen webgunean.

Gaztea Sariak 2023

Garaikurren banaketaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da, ETS eta Süne, Sua, Neomak eta Merina Gris taldeekin. Galan zehar joko dute taldeek, gau berezirako propio prestatutako ikuskizunak eskainiz.

Sariak banatuta eta gaua ixteko, Bulego taldearen kontzertu berezia egongo da.

Egun horretan Euskaldunara joateko modurik ez dutenek izango dute etxetik ikuskizunaz gozatzeko aukera, 2023ko Gaztea sariak emateko ekitaldia streaming bidez ikusi ahalko baita, Gaztearen YouTube kanalean. Gainera, irrati bidez jarraitzeko aukera ere izango da.