Hauteskundeak 2024 - EITB

hauteskundeak

09:42

hauteskundeak

Hauteskunde-kanpaina

Azaroaren 20ko hauteskundeetarako atzerako kontaketa hasi da

Erredakzioa

EAEn eta Nafarroan bi gai nagusituko dira: krisi ekonomikoa eta ETAren erabakiak irekiko duen egoera politiko berria. Rajoyk eta Rubalcabak, berriz, egitasmo ekonomikoak izango dituzte hizpide.

04:55
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Hasi da ofizialki hauteskunde-kanpaina eta horrekin batera azaroaren 20ko zitarako atzeranzko kontaketa. Patxi Lopez lehendakariak Kongresurako eta Senaturako PSE-EEren hautagaiak babestu ditu Donostian egin duten ekitaldi politikoan eta ondokoa adierazi du: "Kalera aterako gara eta inkestei buelta emango diegu".

Lehendakariak esan du gaur hasi den hauteskunde-kanpaina "oso berezia" dela, 75 urte igaro eta gero "frankismoaren totalitarismoaren edo ETAren terrorismoaren mehatxurik gabe gauzatuko delako".

Berezia dela esateko beste arrazoi batzuk ere badaudela erantsi du, besteak beste, "gauza asko jokoan daudelako", eta, ildo horretan, bi adibide aipatu ditu: "askatasunaren bidean urratsak ematen jarraitzea" eta "inoizko krisirik handienari aurre egitea".

EAJ

"Indarkeriarik gabeko" gizarte bat sendotzea, 2015ean Euskadirentzako estatus politiko berri bat lortzea eta lanpostuak sortzea EAJren hiru helburu nagusiak direla azaldu du Iñigo Urkullu EBBko presidenteak hauteskunde-kanpainako aurreneko ekitaldian.

EAJren egitasmoa ezker abertzalearen "ereduarekin" eta PSE-PP "formula negargarriarekin" kontrajarri ditu Urkulluk. Ezker abertzalearen programa "gai bakarrekoa" dela esan du buruzagi jeltzaleak, "lerro bakar batean sartzen delako".

PP

Hauteskunde-kanpainaren hasierarekin Espainian "aldaketa hasten" dela adierazi du gaur Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak, EAJren "estremismoari" eta PSOEren "gaitasun ekonomiko eskasari" aurre egiteko.

Industriari, enpresa txiki eta ertainei, autonomoei eta nekazaritzari lanpostuak sortzen laguntzeko neurri eraginkorrak bilatuko ditu PPk, Basagoitiren esanetan, 140.000 langabeen kopurua murrizteko. "Beste alderdi batzuek, ostera, egun hauek liskarrerako, hausturarako edo ziriak sartzeko baliatuko dituzte", erantsi du PPko buruzagiak.

Ezker Anitza

Mikel Aranak iragarri duenez, Ezker Batua-Berdeak-Ezker Anitza koalizioak langabeziaren kontrako borrokan eta ongizatea Estatuan oinarrituko du hauteskunde-kanpaina. Ildo horretan, EAJri, PSEri eta PPri zuzendu zaie eta "Papandreuk Grezian bezala" jokatzeko asmoa ote duten galdetu die.

Horrez gain, Euskadik Ezker Anitza bezalako indar politiko baten beharra daukala nabarmendu du, izan ere, ETAk indarkeria behin betiko utzi izanak ireki duen aro berrian "zubi-lanak" egiteko eta akordioak bilatzeko prestutasuna agertu du.

UPyD

UPyDk Kongresuan talde propioa lortzeko euskal boto-emaileen laguntza eskatu du Gorka Maneiro alderdi horretako bozeramaileak. UPyDren helburua "Espainiak une honetan behar dituen erreforma sakonak" defendatzea izango dela azpimarratu du Maneirok.

UPyDko legebiltzarkidearen ahotan, alderdiaren helburuak "lor" daitezke, izan ere, Rosa Diezen alderdia "hazi egingo" dela diote inkestek eta 10 diputatu eskura ditzake.

Amaiur

Euskal Herriak "erabakitzeko eskubidea" duela esan du Iñaki Antiguedad Amaiur koalizioaren Bizkaiko zerrendaburuak. Horrela, "Espainiaren eskubidea euskal gizartearen gehiengoak dioena onartzea eta errespetatzea" dela adierazi du Antiguedadek.

Euskadin "gatazka politiko historiko bat dago, nahiz eta batzuek hori ukatu", adierazi du Antiguedadek. Bestalde, "une historiko batean" gaudela esan du Amaiurreko ordezkariak, "eta ez mundu guztia mugitu delako, batez ere batzuek mugitu garelako baizik".

Estatuan, Rubalcaba-Rajoy lehia

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernurako PSOEren presidentegaiak onartu du une honetan Alderdi Popularraren atzean daudela, "baina garrantzitsuena helmugara nola heltzen garen da, eta ez azken txanpan nola gauden", azpimarratu du.

PSOEren hautagaiaren iritzian, azken 30 urteotan sortutakoa PPk lau urtetan suntsitzeko arriskua dago, izan ere, Alderdi Popularrak osasun sektorean, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan "murrizketa izugarriak" egingo dituela ohartarazi du.

Espainiak behar duen aldaketa politiko eta ekonomikoa bideratzeko "pizgarri" gisa azaldu da Mariano Rajoy PPko presidentea. Hala ere, "batzuen ezintasunak" eragin duen krisia gainditzeko guztien batasuna eskatu du Rajoyk.

Ez ditu Gobernuarentzako eta PSOErentzako kritikak gorde, ezin diotelako krisiari irtenbiderik eman "arazoa sortu dutenak", eta eurek sortu duten "hondamendiaren oinordeko" izango direla gaineratu du.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA