Bilboko Aste Nagusia
300 ekitaldi baino gehiago
Erredakzioa
Asier Garcia pregoilaria Arriaga Antzokian agertu da bilbotarrak jaietan parte hartzera animatzeko eta, ondoren, Loreto Errazti txupinerak seinalea egingo du Aste Nagusiari hasiera emanda.
Albisteak (3)
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
Bilbok 2014ko Aste Nagusiaren lehenengo eguna biziko du gaur, larunbata, eta abuztuaren 24ra arte luzatuko da jaia. Bitartean, doako eta adin guztietarako 300 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte.
19:00ak aldera, Asier Garcia aurtengo pregoilaria (Bilbao BRS aulki gurpildun saski baloi taldeko kapitanetako bat) Arriaga Antzokiko balkoian agertu da, bilbotarrak eta kapotarrak jaiekin gozatzera animatzeko.
Itziar Urtasun Bilboko jaietarako zinegotziarekin batera, pregoilariak "errespetua eta poztasuna" eskatu du Aste Nagusirako, eta “gurekin egon ezin izan dutenez” gogoratu da.
Handik gutxira, Loreto Errazti Piztiak konpartsako kide eta aurtengo txupinerak dagokion txupina bota du, bederatzi eguneko jaia abiarazita.
100 musika ikuskizun baino gehiago
Erraztiren ondoan, Arriagan, Marijaia egon da. Berak, Kepa Junkerak sortutako abestiarekin batera, ofizialki hasiko ditu Bizkaiko hiriburuko jaiak.
Beste behin ere, Bilboko Udalak eta Konpartsek txupinazoa "garbia" izatea eskatu dute; hau da, irina eta arrautzak ez botatzeko deia egin dute, gazte askok egin ohi duten bezala, plaza eta horren ingurua zikintzen baita.
Behin jaiak hasita, egitaraua ere martxan jarriko da; 100 musika ikuskizun baino gehiago, Bilboko hainbat lekutan, eta denon gustukoak; azken urteetan su artifizialen txapelketako txapeldunek euren ikuskizuna egingo dute; kalean antzerkia, nagusi zein umeentzat; lehiaketa gastronomikoak eta herri kirolak, besteak beste.
Sexu-erasorik ez
Aurtengo Aste Nagusik beste helburuetako bat sexu-erasorik eta alkohol-gehiegikeriarik gabeko jaiak ospatzea da. Ibon Areso Bilboko alkateak jaiak "lasaiak" izatea espero du, "denon gustukoak eta partehartzaileak".
Aurtengo aurrekontua 2,5 milioi eurokoa da, 2010etik hona xahutzen den diru kopurua ez da aldatu.
Bestalde, konpartsek goitibeheren lasterketak antolatu dituzte aurtengo ediziorako, aspaldiko partez, eta maldan behera abiatuko dira nor baino nor arinago.
Jaien segurtasunari dagokionez, 400 uniformatutako agente baino gehiago arduratuko dira; baina ez hori bakarrik, Ertzaintzarekin koordinatuko dira, eta uniformerik gabeko 20 bat agentek, 'iker' unitateak, jaien eremua bazterrik bazter zeharkatuko dute lapurretak, borrokak eta ordena publikoan eragin lezakeen edozer gauza ekiditeko.
Azkenik, Udalak "errespetuan" oinarritutako jaiak ospatzea eta "sexu-erasorik" ez izatea eskatu du; horretarako, kanpaina berezia jarri du martxan, konpartsekin, ostalariekin, dendariekin eta zenbait enpresarekin batera.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa