Herriak eta Hiriak
Donostia
Kontxako hegalkinak XX. mende hasierako itxura bera izango du
Agentziak | Erredakzioa
Lanek 231.167 euroko aurrekontua izango dute, eta maiatzaren bigarren hamabostaldian amaituta egotea espero du Donostiako Udalak.
-
Kontxako hegalkina, XX. mende hasieran. Artxiboko argazkia: Donostiako Udala
Kontxako hegalkinak XX. mende hasierako itxura bera izateko lanak maiatzaren bigarren hamabostaldian amaitzea aurreikusi du Donostiako Udalak. Era berean, Kontxako pasealekuko egitura eta hondartzara jaisteko bi arrapalak osatzen dituzten forjatuak aldatuko dituzte, “oso egoera txarrean” baitzeuden.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak lan horien xehetasunak eman ditu ostiral honetan. Hegalkinak lehengo itxura izateko lanek 231.167 euroko aurrekontua dute, eta maiatzean amaituta egotea espero dute. Donostiako Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, proiektuari buruzko bi kartel egongo dira obren hesian, lanen fitxa teknikoa azaltzeko.
Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “garai batean ‘La Rotonda’ diskoteka zegoen lokalaren estalkiaren gaineko eremua berritzea da proiektu horren helburu nagusia”. Halaber, Kontxako pasealekutik hondartzarako sarbidea ematen duten arrapaletako lurzorua aldatu nahi dute.
Donostiako Udalak azaldu duenez, “denborarekin arrapala horiek hormigoia galdu dute, eta barruan duten altzairua herdoiltzen ari da, eskuz presio egite hutsarekin desegiteraino”. Gauzak horrela, eta “kautelazo neurri gisa”, ibilgailuak bertatik garraiatzeko debekua ezarri zuen Udalak.
Era berean, gaur egungo araudia betetzeko lehen ‘La Rotonda’ diskoteka zegoen estalkiko forjatua osorik berrituko du Donostiako Udalak.
Lan horiek egiteko, Kosta Zerbitzuaren baimena behar izan du Udalak, eta “hark berariaz adierazi du egituran soilik jardun ahal izango dela”.