10:53

Herriak eta Hiriak

Ekainak 4

Bilboko kaleak hori kolorez beteko dituzte minbizia duten haurren alde

EITB.EUS

Bilbao Let’s Run lasterketaren helburu nagusia minbizia, esklerosi anizkoitza eta Parkinson gaixotasuna duten pertsonei laguntzea da.

  • Lasterketaren lehen edizioa. Argazkia: Bilbao Let's Run

    Lasterketaren lehen edizioa. Argazkia: Bilbao Let's Run

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Ekainaren 4an Bilbao Let’s Run lasterketa solidarioaren bigarren edizioa hartuko du Bilbok. Helburu nagusia gaixotasun desberdinak dituzten haurrei laguntzea da. Hala, familiako kide guztiek har dezakete parte bertan, minbizia, esklerosi anizkoitza eta Parkinson gaixotasuna duten pertsonen alde dirua biltzea baitute helburu.

Gaixo daudenei elkartasuna adierazteko lasterketa herrikoia oinez edo korrika egin daiteke. 2016ko irailean egin zuten lehen edizioa, eta 2.100 pertsonak hartu zuten parte bertan. Iaz 50.000 euro biltzea lortu zuten, eta hiru elkarte hauei eman zieten diru guztia: Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartea (Aspanovas), Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkartea (Adembi) eta Bizkaiko Parkinson Elkartea (Asparbi).

Lasterketa Guggenheim Museoaren inguruan hasi eta amaituko da. Parte hartzaileak Bilboko itsasadarraren bi aldeetatik arituko dira korrika. Antolatzaileek bost kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta parte hartzaileek bat, bi edo hiru aldiz osatzeko aukera izango dute (gehienez hamabost kilometro egin daitezke). Dena dela, sei kategoria izango dira, eta norberak erabaki dezake izena zeinetan eman nahi duen.

Lasterketaren ibilbidea. Argazkia: Bilbao Let's Run

Lasterketaren ibilbidea. Irudia: Bilbao Let's Run

Zenbakiarekin batera, hori koloreko kamiseta termikoa jasoko dute lasterketan parte hartzen duten guztiek. Halaber, haur kategorian izena ematen dutenei gozokiak emango dizkiete proba amaitutakoan. Bestalde, izena ematen duten lehen 1.000 pertsonek kirol gerrikoa jasoko dute, opari gisa.

Gainera, lasterketa solidarioan gustura parte hartuko luketen baina bertan izateko modurik izango ez dutenek ere gaixo daudenei elkartasuna adierazteko modurik izango dute; izan ere, "O Zenbakia" eskuratu ahal izango dute, horien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Bestalde, Bilbao Let’s Run webgunean, eskumuturreko solidarioa lortzeko aukera egongo da.

Azkenik, familiako kide guztiek parte hartzeko moduko lasterketa herrikoia dela kontuan izanik, Guggenheim Museoaren ondoko zelaigunean gaztelu puzgarriak eta bestelakoak jarriko dituzte, parte hartzaileek atseden hartzeko eta jolas egiteko aukera izan dezaten lasterketa amaitu ondoren.

Iruzkinak

  • Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena