Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilbo

Naxako geltoki zaharrak saltokiak eta jatetxeak hartu ahal izango ditu

Agentziak | Erredakzioa

Bilboko Udalaren osoko bilkurak Bilboko HAPO plana moldatzea onartu du, Renferen antzinako geltokiaren erabileretan aldaketak egin ahal izateko.

  • Naxako antzinako tren geltokia. Argazkia: EiTB

    Naxako antzinako tren geltokia. Argazkia: EiTB

Bilboko Udalaren osoko bilkurak ostegun honetan onartu duenez, Naxako antzinako tren geltokian saltokiak, jatetxeak edota tabernak jarri ahal izango dira, baina ez pub edo diskotekarik.

Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatzea eskatzen duen ekimen horrek EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoak jaso ditu, EH Bildu abstenitu egin da, eta Udalberri eta Goazen Bilbaok kontrako iritzia agertu dute.

Azken bi alderdi horien aburuz, "zalantzak" eragiten ditu nasa hori sustatzaile pribatu bati saltzeko Adifek erabilitako salmenta-prozedura; horrez gain, gune horren erabilera "publikoa" da, eta, horrenbestez, "adostu egin behar dira haren erabilera baldintzak".

Aitzitik, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu taldeak eta PPk adierazi dutenez, operazio horrek gunea biziberritzeko eta hirik "puntu beltz bat" ezabatzeko balio izango du.

Naxaka antzinako tren geltokia Zazpikaleen eta hiriko zabalgunearen artean dago kokatuta, Konkordia tren geltokiaren azpian, itsasadarrari begira, eta 2.300 metro koadro ditu.

2000. urtean Renfek erabiltzeari utzi zion, aldirietako bere sarea berrantolatu ostean, eta 2013an, Adifek enkante publikoa antolatu zuen eremua besterentzeko.

Hartara, erosleek Hiri Antolamenduko Plan Orokorra moldatzeko izapideak hasi dituzte, zeinaren lehendabiziko urratsa gaur onartu den.