Itxi

Herriak eta Hiriak

Esne Bidearen erreplika

Galaxiaren lorategia inauguratu dute, Iruñeko Yamaguchi parkean

Agentziak | Erredakzioa

Esne Bidearen erreplika da, azken hilabeteotan landatutako zuhaixkekin eskalaz egina. 500 zuhaixka ditu egiturak.

  • Galaxiaren lorategia, Iruñean

    Galaxiaren lorategia, Iruñean

Galaxiaren lorategia inauguratu dute gaur Iruñean, Yamaguchi Parkean, Planetariotik hurbilen dagoen eremuan, hain zuzen. Esne Bidearen erreplika da, azken hilabeteotan landatutako zuhaixkekin eskalaz egina. Zientzia, gizarte, hezkuntza eta erakunde arloko hainbat taldek landatu dituzte zuhaixka horiek.

Halaber, "denboraren kapsula" itxi dute, 25 urte barru irekitzeko asmoz. Gaurko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren aleaz gain, honako agintari hauen mezuak sartu dituzte: Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Ana Herrera Kultura kontseilaria eta Alberto Guerrero UNESCO zentro eta kluben Espainiako Federazioko presidentea.

Hirurek lorategiko azken bi zuhaixkak landatu dituzte: UNESCOren izenean bat, eta Planetarioen Nazioarteko Elkartearenean bestea. Ondoren, jendearentzat ireki dute 2016ko urrian abiatutako proiektua. Europako bakarra da: John Lomberg zientzialariak Hawaiin sortutakoren erreplika originala.

Lombergek Iruñean emandako hitzaldi baten harira bururatu zitzaion ideia Mikel Baztan hiriko lorategien zerbitzuko arduradunari. Orduz gero, 500 zuhaixka landatu dituzte gizarte, zientzia eta hezkuntza arloko hainbat elkartek eta kolektibok.

Planetarioaren barruan, John Lombergek inauguraziorako grabatutako mezu bat ipini dute. Jarraian, Fernando Jauregui astrofisikariak lorategiaren eta Esne Bidearen arteko loturak azaldu ditu.

Lorategiak 500 zuhaixka ditu. Horietatik 300 lehen fasean hartu dituzte babesean, eta gainerakoak bigarren fasean.