Itxi

Herriak eta Hiriak

Sanferminak 2017

Iruñeak gaur agurtuko ditu sanferminak, 'Gaixoa ni' tradizionalarekin

Agentziak | Erredakzioa

Sanferminetako azken egunean musikaz, haurrentzako tailerrez eta kirol emankizunez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

  • Argazkia: EFE.

    2016ko 'Gaixoa Ni'. Argazkia: EFE.

24 ekitaldirekin agurtuko ditu Iruñeak 2017ko sanferminak. Kontzertuek, dantzaldiek eta adin guztietarako ekitaldiek girotuko dute bederatzigarren festa-eguna.

Buruhandi eta erraldoien konpartsak jaietako azken agerraldia egingo du gaur, 09:30ean, Kale Nagusiko Ezpeleta Jauregitik abiatuta.

Horrez gain, haurrek aste osoan zabalik egon diren ?Hauek festak hauek!? eta ?Birjolastu? espazioez gozatzeko aukera izango dute, 11:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Askatasun plazan, gainera, Bagabiga konpainiako txotxongiloek ikuskizuna eskainiko dute 20:00etan.

12:00etan, Sarasate pasealekuan, ?Tudela Canta?k jota emankizuna eskainiko du, eta Muchante bandak kontzertua emango du 13:00etan Gurutzeko plazan. Toki berean, 20:00etatik aurrera, Raza Azteca mariachiak arituko dira.

Sanferminak dantzan agurtzeko prest daudenek aukera bikaina izango dute Gazteluko plazan, 18:30etik aurrera, Oxabi erromeriarekin.

Kirol emankizunei dagokienez, 12:00etan, Iker Vicente eta Ruben Saralegi aizkolariek ikuskizuna eskainiko dute Gazteluko plazan.

Sanferminetako su artifizialen nazioarteko XVIII. lehiaketari Ugijar pirotekniak (Granada) emango dio amaiera gauean, 23:00etan. Sanferminetako azken ekitaldia, ?Gaixoa ni?, gauerdian izango da, Udaletxe plazan.

'Gaixoa ni', EiTBn

23:30etik aurrera, Aitor Perez eta Ainhoa Irazusta kazetariek zuzenean egingo dute emanaldiaren kontakizuna, eta Iruñeko Udaletxe plazan gertatzen den guztiaren berri emango dute ETB1en eta eitb.eus-en. Bertaratuko diren herritarrek Gaixoa ni kantatuz emango diete bukaera aurtengo sanferminei, eta Iruñeko alkateak, Joseba Asironek, udaletxeko balkoitik botako duen azken mezua ere zuzenean izango da ikusgai.