Itxi

Herriak eta Hiriak

Eguraldia, Gasteizko jaietan

Eguzkiak eta beroak egingo diote harrera Zeledoni

EITB.EUS

Gaua freskoa izango da (16 ºC), ipar haizearen ondorioz. Gainerako egunetan, giro nahasiagoa espero da, baina ia euririk ez.

  • Eguraldi iragarpena 2017ko Gasteizko jaietarako. ETB

    ETBko Eguraldiko lantaldeak Gasteizko jaietarako prestatutako eguraldi iragarpena.

Zalduondoko baserritarrari, Gorka Ortiz de Urbinak gorpuzten duen pertsonaiari, ondo baino hobeto etorriko zaio gaur hain maitea duen aterkia, eta ez, preseski, euriarengatik. Sargoria eta eguzkia espero dira ostiral honetan Gasteizen, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera.

18:00ak aldera ekingo dio Zeledonek Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatzeari, eta 30 ºC inguruko tenperatura eta zeru urdina izango ditu lagun. Gerora, baina, ipar haizea sartuko da, eta giroa freskatu eta lainotuko du haize aldaketa horrek. Gasteizko jaien lehen gaua freskoa (16 ºC-koak izango dira hotzenak) izango da, horrenbestez.

Giro lainotu horrek segida izango du larunbatean, abuztuaren 5ean. Tenperaturek behera egingo dute, nabarmen, eta beroenak 23 ºC-koak izango dira. Termometroak 14-15 ºC-raino jaitsiko dira, eta euria egitekotan, oso gutxi egingo du, tantaren bat akaso.

Igandean, abuztuaren 6an, laino artean igaroko dugu goiza. Arratsalderako, ordea, hobera egingo du aroak: zerua garbiago egongo da, eta tenperaturak apur bat egingo du gora.

Aste hasiera nahasia aurreikusi du Euskalmetek, joerari erreparatuta. Abuztuaren 7an, astelehenarekin, hodeitsua izango da goiza, baina eguerdirako garbitzera egingo du. Arratsaldean, lainoak sartuko dira berriz. Termometroek gora egingo dute, pittin bat bada ere. Asteartean, abuztuaren 8an, giro nahasia eta freskoa izango dugu nagusi. Asteazkenean, abuztuaren 9an, hobera egingo du eguraldiak.

eguraldiak.