Itxi

Herriak eta Hiriak

GASTEIZKO JAIAK 2017

Zeledon zerutik jaitsi eta jai giroan murgilduko du Gasteiz gaur

EITB.EUS

Ostiral honetatik aurrera eta abuztuaren 9ra arte, festa betean aritu ahal izango dira bertako bizilagunek zein bisitariek sei egunez.

Ohikoa denez, abuztuaren 4arekin batera, San Migel elizako kanpandorretik Andre Maria Zuriaren plazara jaitsiko da Zeledon bere aterki ezagunarekin Gasteizko 2017ko jaiei hasiera emateko.

Jaietan ugariak izango dira programazioaren barruan izango diren jarduerak, kontzertuak, su artifizialen ikuskizunak eta zezensuzkoak? Baina suzkoak besterik ez dira izango, aurten ez baita zezenketarik egongo jaietan. Horien ordez, Iradier Arenak hainbat kultur eta aisialdi ekitaldi hartuko ditu: pilota, zirkua, umeentzako ikuskizunak, bigantxak...

Aurten egongo ez den beste gauza bat beira izango da; izan ere, Gasteizko Udalak debekatu egin du Andre Maria Zuriaren plazara beirazko botilarik sartzea Zalduondoko baserritarraren jaitsieran, baita igoeran ere.

Helburu horrekin, 10 kontrolgune jarriko dituzte plazan eta inguruetan, eta Udaltzaingoak 90 eurorainoko isunak ezarri ahalko die mota horretako edukiontziak plazan sartzen dituztenei. "Ez bota la bota!" leloa duen plastikozko zahato berde bat proposatu dute beira ordezkatzeko.

Beira alde batera uzteko proposamenarekin bat egin zuen Zeledonek berak asteartean, txupinazoaren egunean erabiliko dituen aterkia eta zahatoa alkatearen eskutik jaso zituenean.

Alabaina, jaiak hasi aurretiko egunetan eskaera gehiago ere entzun dira. Ainhoa Santamaria gasteiztar aktoreak ere bereak adierazi zituen asteazken gauean, Gasteizko Plaza Berrian aurtengo pregoia irakurri zuenean. Bere mintzaldian zehar, aniztasunaren eta errespetuaren aldeko hitzak izan ziren nagusi. "Jaietan gozatu eta partekatu egin behar da, muga bakarrarekin: besteenganako errespetua", nabarmendu zuen Santamariak.

Jarraipen zabala

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte zabala izango dute Euskal Irrati Telebistan. Ostiral arratsaldean, Zeledonen jaitsieraren zuzeneko emanaldia izango da abiapuntua (ETB2n, eitb.eus-en, Radio Euskadi-Radio Vitorian eta Euskadi Irratian jarraitu ahalko da), eta jaiei amaiera emango dien Zeledonen igoera ere zuzenean izango da ETB1en ikusgai eta Radio Vitorian entzungai asteazken gauean.

Hain zuzen ere, arabar eta gasteiztar guztiek jaien inguruko berri guztiak jasoko dituzte egunero Radio Vitoriaren bitartez, irratsaio bereziak egingo baititu Andre Maria Zuriaren plazatik bertatik.

Tranbiaren zerbitzu berezia

2017ko abuztuaren 4tik 9ra Gasteizen Andre Maria Zuriaren jaiak ospatuko direla eta, ohiko zerbitzuaz gain, gaueko zerbitzua eskainiko du Euskotrenek Gasteizko tranbian.