Herriak eta Hiriak
Sariak
Bilbo, '2018. urteko Europako Hiria Sarirako' finalista
Agentziak | Erredakzioa
Ljubljana eta Viena hirien aurka lehiatuko da Bilbo, Academy of Urbanism-Hirigintzako Akademiak ematen duen sari honetan. Epaimahaiak datorren azaroan jakinaraziko du bere erabakia, Londresen.
-
Guggenheim Bilbao. Argazkia: Bego Barrutia.
Bilbo "2018. urteko Europako Hiria Sarirako" finalista aukeratu du Academy of Urbanism-Hirigintzako Akademiak, Udalak jakinarazi duenez.
Ljubljana (Eslovenia) eta Viena (Austria) hirien aurka lehiatuko da Bilbo, eta epaimahaiak datorren azaroan jakinaraziko du bere erabakia, Londresen.
Juan Mari Aburto alkateak Hirigintzako Akademiaren ordezkaritza bati harrera egin dio gaur. Datozen bi egunotan Bilbo bisitatu eta ebaluatuko du ordezkaritza horrek. Sariak eredugarritzat bereizitako hiri-espazioak nabarmentzea du helburu.
Aburtok Bilboko azken hamarkadetako hirigintzaren garapenaren nondik norakoak azaldu dizkie ordezkaritzako kideei. Besteak beste, "historian zehar nola berriztatu garen eta gizalegezko hiriaren, elkarbizitzaren, teknologiaren eta eskuragarritasunaren alde nola egiten dugun", azaldu die, alkatearen beraren esanetan.
Epaimahaiak hiriko jardunbide onen adibideak ebaluatuko ditu hainbat arlo aztertuta: azpiegiturak, zerbitzuak, mapa politikoa, kultura, osasuna eta ongizatea, bideragarritasuna, ingurumen iraunkortasuna, konektibitatea eta ikasteko ahalmena.