Herriak eta Hiriak
Parkeak
Bilbok eraztun berde bat sortzeko asmoa du
E. L. | eitb.eus
Udalak parke berriak sortuko ditu eta dauden seiak -Sarriko, Europa, Eskurze, Etxebarri, San Adrian eta Floresta eta Abusu- ekipamendu berriekin hobetuko ditu.
-
Egitasmoaren aurkezpena. Argazkia: Bilboko Udala.
Bilboko Udala berdegune berriak sortzen dabil Bizkaiko hiriburuko aukerako eremuetan. Horrela, Sabino Arana etorbidean 10.000 metro karratu atondu dituzte berdegune berria sortzeko, Udalak agiri batean azaldu duenez.
Zorrotzako Muturraren Parkea da beste adibideetako bat. Orain egiten ari dira eta 15.000 metro karratuko berdegune eta aisia-gune berria osatuko dute.
Horretan, berdeguneak gimnasia egiteko eremuekin, kirol ibilbideekin, umeentzako jolasekin, adinekoentzako joko bio-osasungarriekin eta txakurrak ibiltzeko eremuekin uztartuta egongo dira. 950.000 euroko inbertsio hori dagoeneko gauzatzen dabiltza.
Gainera, Arangoitiko maldako parkea lizitatzen ari dira. Bertan, 8.000 metro karratuko berdegunea osatuko da, Arangoitiko eta Doneperiaga auzoak lotuz, oinezkoentzako pasealekuekin, astia emateko eremuekin eta behatokiekin. 2.500.000 euro inbertituko dituzte.
Gainera, Sarriko, Etxebarria, Europa eta Eskurtze parkeetan hobekuntza lanak egin eta ekipamendu berriak jarriko dituzte.
Parte hartzeko prozesua
Bestalde, laster hasiko da Abusu, San Adrian, Sarrikue Remar eta Arabella auzuneetan parte hartzeko prozesua burutzen, ingurune horietan gertuko parke berriak sortzeko zein daudenak hobetzeko.
Horrela, Bilbok hamarka mila metro karratu berde gehiago izango ditu aurten hasi eta hurrengo urtean amaituko den epearen barruan.