Herriak eta Hiriak
Hondakinak
Edukiontzi marroiak hiri osoan jarriko ditu Bilboko Udalak
Agentziak | Erredakzioa
Guztira, 1.500 edukiontzi marroi jarriko dituzte hiri osoan. Herritarrek birziklapen kita eskuratu ahal izango dute, eta horrela hondakin organikoak bereizi.
-
Edukiontzi marroia. Argazkia: Bilboko Udala
Edukiontzi marroia hiri osoan jarriko du Bilboko Udalak, hondakin organikoen birziklapena errazteko, Ricardo Barkala Lan eta Zerbitzu zinegotziak gaur iragarri duenez.
Horrela, 5, 6, 7 eta 8 barrutietan zabor organikoa biltzeko baliabideak jarriko dituzte. Gainera, auzoetan edukiontzi berriak jartzeaz gain, zaharrak aldatu eta handiagoak ekarriko dituzte. Irekitzeko sistema berria dute edukiontziek.
Guztira, 1.500 edukiontzi marroi jarriko dituzte hiri osoan. Apirilaren 30etik aurrera Barrutietako Udal Zentroetan informazio kanpaina abiatuko dute, baita edukiontzia martxan ez duten barrutietako toki ezberdinetan ere.
Herritarrek birziklapen kita (ontzia, poltsa biodegradagarriak, txartela, iman bat birziklatu daitezkeen produktuen zerrendarekin) eskuratu ahal izango dute, eta horrela hondakin organikoak bereizi.
Zabor organikoaren bilketa selektiboa martxan dagoen barrutietara irailetik aurrera joango dira, edukiontzi marroiak ordezkatzeko. Edukiontzi handiagoak jarriko dituzte, eta giltza txip txartel batekin ordezkatuko dute.
Bilketa selektiboaren programan 9.100 familia ari dira parte hartzen, eta urtean 586.199 kilo zabor organiko bildu dituzte. Edukiontzi marroiak Bilbo osoan jarrita, 3.600.000 kilo inguru biltzea espero dute.
Udalaren arabera, zabor poltsak aztertu ondoren, konposta lortzeko birziklatu daitezkeen hondakin organikoak % 40 dira, eta TMBn amaitzen dute.
Bosgarren edukiontzia Bilbo osora zabaltzearekin pozik agertu da EH Bildu. Orain erabiltzaileei hobariren bat aplikatzea eskatu du koalizioak.