Itxi

Herriak eta Hiriak

Bizkaia

Basauriko Soloarte pasealekua astelehenean berritzen hasiko dira

agentziak | erredakzioa

Nerbioi ibaiko urek kalte gehiago ez egiteko helburuarekin egingo dituzte lanak.

  • Basauriko Soloarte pasealekuko lur-jausia. WhatsApp.

    Basauriko Soloarte pasealekuko lur-jausia. WhatsApp.

Basauriko Udalak Soloarte pasealekua premiaz konpontzeko obrak martxan jarriko ditu datorren astelehenean, maiatzaren 21ean, Nerbioi ibaiko urek bideari eta alboko eskolari kalte gehiago eragitea saihesteko.

Apirilaren 11n pasealekuaren zati bat erori zen euri bortitzen ondorioz, urak oso indartsu jaitsi baitziren. Ondorioz, Udalak itxi egin zuen, eta alboko eskolaren jolastokiak erabiltzea debekatu zuen.

Berritze lanei esker, luiziek eramandako hondakinak aterako dituzte ubidetik; hormaren zatiak, bankuak, farolak eta paperontziak, tartean.

Ondoren, Udalak harrizko horma bat jarriko du luizia izan zen aldean, urak ibaiaren alde hori higatzen ez jarraitzeko eta eskola ixtea eragin dezaketen luizi gehiago ez izateko. Basauriko udalak 100.779 euro bideratuko ditu hasierako lan horietara.

Lanok egin ahal izateko, Basauriko Udalak Uraren Euskal Agentziaren baimena jaso du jada.

Udalak 1.173.736 euroko aurrekontu-saila onartu zuen jada martxoko osoko bilkuran pasealekuaren berritze osoa egiteko. Lanak bukatzeko beharrezko gainerako inbertsioa, 500.000 euro ingurukoa, Bizkaiko Foru Aldundiak jarriko ditu, diru-laguntza gisa.